SANFERMINAK 2025

Unai Hualde (EAJ): “Alderdi sozialistaren inguruan, berriz ere, praktika hauek ikusteak tristura eta haserrea eragiten digu”

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 8a

Unai Hualde, Parlamentuko eta Nafarroako Buru Batzarreko lehendakaria, gurean egon da. Sanferminetaz  eta alderdiak jaiaren barne egindako ekitaldiaz gain, Cerdanen ustezko ustelkeria kasuren inguruan hitz egin digu

Instituzionalki intentsitate handiagoa duten sanferminen lehenengo egunetan zeregin profesionalak eta pertsonalak uztartzen saiatu da Unai Hualde. Parlamentuko lehendakaria eta Nafarroako Buru Batzarreko lehendakaria 6an txupinazoa udaletxetik bizi izan zuen eta atzo alderdiak urtero antolatzen duen ekitaldian egon zen. Aurten Manu Ayerdi, kontseilari ohia eta EAJ-ko Nafarroako buru ohia, omendu zuten 'San Fermineko zapia' ekitaldian. “Jakina den bezala, alderdiko ardura handiak izan dituen pertsona da, baita gobernu mailan ere, eta momentu hunkigarria izan zen”. Bertan egon ziren Nafarroako kideak,  bere egunean berarekin egon ziren zenbait kide eta gaur egungo EBB-ko presidente den Aitor Esteban, besteak beste.

Yala Nafarroa plataformaren txupinazo errebindikatzaileak jaiari hasiera eman zion. Unai Hualdek momentu horretan plataformari emandako ikusgarritasunaren garrantzia nabarmendu du: “Uste dut festetan ez dugula ahaztu behar egunero Gazan gertatzen ari dena. Onartezina da eta Yala Nafarroak bisibilitatea izatea nik uste dut garrantzitsua izan zela”.

Sanferminek aukera ematen dute eguneroko arazoak alde batera uzteko, baina Cerdanen ustezko ustelkeria kasuak ezagutu zirenetik Nafarroako politikagintza erabat nahasia dago eta Hualdek honen inguruan hitz egin du: “Nafarroan zoritxarrez 90eko hamarkadan, alderdi sozialista gobernuan zegoenean, ustelkeriaren arazoak egon ziren eta berriz ere alderdi sozialistaren inguruan praktika hauek ikusteak tristura eta haserrea sorrarazten digu”.  Eman beharreko hurrengo pausuak eta helburua argi utzi du: “Hemendik aurrera dena ikertu eta dena garbi uztea Nafarroako gobernuaren ardura nagusia da”.

Elkarrizketa amaitu eta, zuzenean, urtero uztailaren 8arekin German Rodriguezi egiten dioten omenaldira hurbildu da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!