Elorri Arkotxa: "Zuberotarren gutunek erakusten dute herritarrek euskaraz idazteko ahalmena eta nahi zituztela"

Reyes Ilintxeta 2024ko abu. 26a, 11:41

Zuberotarrek XIX. mendearen amaieratik Lehen Mundu Gerrara arte gutun bidez izandako komunikazioa aztertu du Elorri Arkotxa ikertzaileak NUPen eginiko tesian. 

Zuberoatik joandako migratzaileek eta Lehen Mundu Gerrako soldadu zuberotarrek (XIX. mendearen amaieratik Gerra Handira arte) gutun bidez izandako komunikazioa aztertu du Elorri Arkotxa Mendinueta Musikologiako gradudunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen doktoretza-tesian (NUP). Euskaraz eta frantsesez defendatu du tesia, eta Emilio Majuelo Gil NUPeko irakasle erretiratua izan du zuzendari. 

Tesiaren egileak berak azaldu duenez, idazketak Europan XIX. mendearen erdialdeaz geroztik izandako bultzadak –funtsean migrazioaren fenomenoaren eta gero gerran milaka gutun han-hemenka ibiltzearen ondorio– migrazioa aztertzeko lehen eskuko iturri bihurtu du dokumentazio mota hori, baina baita garaiko Zuberoako gizartea aztertzeko ere, “aukera ematen baitigu normalean iturri historiko tradizionaletan jasoa egoten ez den gizartearen parte baten pentsamendua adierazteko”, nabarmendu du.

 

Elorri Arkotxa, NUPen

Ikerketaren helburu nagusia “posta-trukearen azterketan ikuspegi berri bat zabaltzea” izan da, “gutun horiek metakomunikazioaren esparruan integratuz, hau da, testuinguru soziokultural espezifiko baten parte gisa, zehazki XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako Zuberoako gizartean”. Posta-truke arrunta da, edonolako anbizio literario edo artistikotik urrun dagoena, eta familiarekiko nahiz jatorrizko komunitatearekiko loturari eustea du helburu.

Alfabetatzea eta hizkuntzen erabilera

Lehenik eta behin, gutun horien analisiak agerian utzi du ezen, erabat alfabetatua egon ez arren, gizarte hura idazketaz eta hark ematen zizkion tresna guztiez baliatzen zela senitartekoekiko, adiskideekiko eta jatorrizko komunitatearekiko komunikazioari eusteko. Tresna horien artean, egileak hizkuntzen erabilera azpimarratzen du, bereziki euskararena, aztertutako gutunetan nabarmena baita gure hizkuntzaren presentzia. “Horrek agerian uzten duenez, euskal kleroak XVII. mendea baino lehenago abiarazitako alfabetatze lanak –‘ororen eskolak’ deiturikoak sortu zituenean–, nahiz eta batez ere irakurtzeko gaitasuna landu, berebiziko garrantzia izan zuen klase herritarrak idazketaren arloan gutxieneko gaitasun batzuk garatu zitzan”, zehaztu du tesiaren egileak.

Bestalde, “posta-trukeak erakusten du jendea gero eta gehiago jabetzen zela frantsesez gutxieneko alfabetatze maila eskuratzeak zuen garrantziaz; izan ere, gogoan izan behar dugu XIX. mendearen amaieratik XX.aren hasierara Frantziako nazio-estatua indartze prozesu batean sartua zegoela bete-betean. Gutun askotan nabaria da egileek frantsesez idazteko egiten zuten ahalegina, eta haiek produzitutako pasarte eta gutun oso batzuk oso zailak dira transkribatzeko, eta problema asko ematen dute mezua ulertzeko”, adierazi du Elorri Arkotxak. 

Ikerketa honek euskaraz, frantsesez edo gaztelaniaz idatzitako gutunak eman ditu argitara, baita bi hizkuntza darabiltzaten gutunak ere noiz edo behin. “Frantsesaren garrantzi gero eta handiagoak ez zuen euskararen bazterketa automatikoa ekarri; aitzitik, zenbait faktorek baldintzatzen zuten hizkuntza bataren edo bestearen erabilera, hala nola klase sozialak, gutunean jorratutako gaiak, egilearen bizitokiak eta gutuna idaztearren hirugarren pertsona batengana jo beharrak”, azaldu du tesiaren egileak. Hala, familia barneko komunikaziorako hizkuntza nagusia izaten jarraitu zuen euskarak, baita I. Mundu Gerran ere, garai hartan frantsesa ordura arte baino gehiago erabiltzen hasi bazen ere. “Bestalde, baliteke migratzaileek gutunetan gaztelania erabiltzearen arrazoia praktikoa izatea, adibidez egileak idazten ez zekien eta gutuna idatzi behar zion pertsona hizkuntza horretan bakarrik idazteko gai zen kasuetan. Nolanahi ere, posible da senitartekoei beste hizkuntza batean eta gainera ahoz bestelako modu batean moldatzeko gai zirela erakusteko txertatzea migratzaileek gaztelaniazko pasarteak beren gutunetan. Halaber, Ameriketara joan ondoren Zuberoara itzulitako pertsonen lumetan ere aurkitzen dugu gaztelania, zeina lortutako arrakasta ekonomikoaren sinbolo prestigiotsua baitzen etxera bueltatzeko aukera izan zutenentzat”, aipatu du tesiaren egileak.

Gutunetan jorratutako gaiei dagokienez, batez ere migratzaileekiko posta-trukean maiz agertzen diren ohiko gaiez gain (osasun egoera, prentsako artikuluak, heriotzen, ezkontzen eta bestelako gertaera garrantzitsuen berriak...), “tradizioaren eta harekiko haustura nabarien artean nabigatzen duten imajinario partekatuetan barna eramaten gaituzte eskutitzek, edo, bestela esanda, dinamika eta eraldaketa sozialen berri ematen zuten ezaugarrietan barna”, adierazi du Elorri Arkotxak. “Gutunek interakzioaren logika erakusten digute; alegia, garrantzitsua zen alderdi batzuk kontatzea, hain zuzen ere gutunaren egileak zein hartzaileak partekatzen zituztelako eta, beraz, biek ulertzeko modukoak zirelako, eta beste batzuk, ordea, erdi ezkutuan gelditzen ziren, eta lerro artean irakurri behar dira. Horregatik, funtsezkoa da gutunak beren testuinguru soziohistorikoan aztertzea, baita ikertzaileek partzialki baizik eskuratu ezin duten elkarrizketaren zati gisa ere”, erantsi du. 

Elorri Arkotxaren CV laburra

Elorri Arkotxak (1991) Giza eta Gizarte Zientzietako doktore titulua eskuratu zuen NUPen (2024). Historiari, Espazioari eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetako Masterra egin zuen unibertsitate berean (2017), eta, hori baino lehen, Musikologian graduatu zen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (2014). 2018an, irakasle elkartu gisa sartu zen NUPen, eta, 2019an, doktoratu aurreko kontratu bat lortu zuen tesia garatzeko. Ikerketa-egonaldi bat egin du Nanteseko Unibertsitatean (Frantzia). Hainbat testu zientifiko argitaratu ditu, hala nola artikuluak eta liburuetako kapituluak, eta koordinatzaile aritu da “La represión estatal en Navarra: 1936-2016. Un análisis multidisciplinar” lanean. Bestalde, nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu du, eta mintegiak eta biltzarrak antolatzen ere aritu da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!