Jose Mari Esparza: "Guk, Europako herri zaharrenetako batek, ez genuen atlasik"

Reyes Ilintxeta 2024ko mai. 22a, 19:32

Euskal Herriko kartografia historikoa bildu dute Jose Mari Esparzak eta Ramon Oleagak 'Imago Vasconiae' atlas berrian, Joseba Agirreazkuenagaren laguntzarekin. Txalaparta Argitaletxeak plazarau du 300 mapa baino gehiago biltzen duen lan mardula. Honetaz gain web gune bat sortu dute mapa hauek guztiak kontsultatu ahal izateko: www.imagovasconiae.eus 

Duela 13.600 urteko Abauntzeko mapa da lan honetako aurrenekoa. Horren ondoren mendetan zehar Euskal Herria irudikatu duten mota desberdinetako 300 mapa aurkituko ditugu , koloretan eta iruzkin zehatzez lagundurik. Euskaraz, gaztelaniaz , ingelesez eta frantsesez aurkituko ditugu adituen azalpenak. Bost urteko lanaren ondorioa da orain begien aurrean duguna.  

Liburu hau 215 euroan  jarri dute salgai eta honetaz gain, zenbait maparen facsimil edizioa plazaratuko dute. Argitalpen honetan Txalapartak Laboral Kutxaren dirulaguntza izan du. 

Hau da Txalapartatik eman duten lanaren aurkezpena: 

"Mapak kartografiaren gai nagusia dira, eta izan ditzaketen irakurketak ez dira gutxi. Lurralde batean barrena, gure pausoen iparrorratz izan daitezke, eta, aldi berean, apaingarrien bidez, garai bakoitzean gailendu diren mugimendu artistikoen berri ematen digute. Gainera, aurrerapen zientifikoen lekuko ederrak dira, irudikatuak izatean, espazioek, kostek, ibaiek eta mendiek, hiriek eta zelaiek duten zehaztasun handi edo txikiagoari erreparatuz gero. Bestalde, tokiko jendearen kulturako elementuak erakusten dituzte, eta haien kezka erlijioso edo administratiboak. Azken batean, botere politikoaren harremanak islatzen dituzte.

Bada, lan honetan bildu dugun kartografiak Euskal Herria - Baskonia irudikatzen du historiaren joanean. Lurralde jakin batean bizi den munduko edozein herrik, naziok, estatuk edo erkidegok ospakizun handia du bere kartografia historikoa biltzen duen atlas bat lehen aldiz plazaratzea. Guk, ordea, Europako herri zaharrenetako batek, artean ere ez genuen atlasik. Mapen bilduma honek gure lurraldea irudikatzen du, baina baita gu ere, bertako biztanleak. Ideia bat ematen digu nola ikusi izan gaituzten, edo geure burua nola ikusi nahi izan dugun, gure interesak zein izan diren, eta egun zein diren, eta historiaren gorabeherek noraino ekarri gaituzten." 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!