Donapea IIP Ikastetxe publikoko ikasleek euskararen presentzia eskasa salatu dute. D ereduko ikasleek Hezkuntza Departamentuari eta Arartekoari ikasle euskaldunentzako lanbide heziketako orientatzaile euskalduna eskatu diote.
Izan ere, Donapean eskaintzen diren hamazazpi zikloetatik soilik lau dira euskaraz. Oinarrizko Lanbide Heziketan Administrazio-zerbitzuak eskaintzen dira, erdi mailako zikloetan Ibilgailuen elektromekanika eta Administrazio-kudeaketa, eta goi mailako zikloetan Administrazioa eta finantzak. Ikasleek salatu dute “euskarazko eskaintza urriak” behartzen dituela ereduz aldatzera eta Lanbide Heziketa nahi ez duten hizkuntza batean ikastera.
Eskaintzaz harago ikasleek ohartarazi dute ikastetxean dituen 1030 ikasle inguruetatik soilik 133k izan dutela aukera D ereduan ikasten jarraitzeko eta gutxienez badirela beste 165 ikasle D eredutik ere etorri direnak. Hartara ikasleen herena D eredutik dator eta D ereduan ikasten jarraitu nahiko luke.
Gainera, euskara orientatzailea ikastetxera bi egunetan besterik ez dela etortzen salatu dute, ez baitu lanaldi osoa, eta ondorioz, zailtasunak dituzte besteak beste, praktika profesionalak bilatzeko eta lan-merkatura trantsizioa egiteko.