Nafar rock powerduo bezala definitu dute Alain Azkonak eta Aitor Martinezek Hartzak Zeruan musika talde berria. Hilabete honetan jarri dute beren lehenengo lana entzungai plataforma guztietan. Bidean du izena eta Motu estudioan grabatu dute.
Rock soinu gordin eta benetakoa egiten dute Alain eta Aitorrek. Genero klasikoen eragina dutena, baina freskotasuna eta nortasun propioa dituena. Diskoak 6 abesti ditu. Aitor gitarrarekin eta Alain baterian. Eta biak ala biak abesten entzungo ditugu. Soinu bidaia bat bezala definitzen dute estreinako lana. “Rockaren hainbat alderdi aztertzen ditu, erritmoen sendotasunetik hasi eta melodia introspektiboagoetaraino, betiere entzulea lehen akordetik harrapatzen duen intentsitatea mantenduz”, kontatu digutenez.
Abestietan hainbat gai jorratzen dituzte: giza harremanak, alienazioa edota egonezin existentziala. Abestien izenburuetan hitz jokoak erabiltzen dituzte. Hizki bat parentesi artean agertzen da eta horrela bi hitz desberdin eta bi titulu desberdin izan dezakete kantuek. “Gure kantu guztiek bi zentzu dituzte eta horregatik bi izenburu ere bai. Bakoitzak nahi duena hautatu dezake”. Parentesien artean daude letrak goitik behera begiratu ezkero, Bidean diskoaren izena irakurriko dugu.
“Album hau pasio eta lan gogor askoren emaitza da, eta jendeak abestiekin guk egiten dugun bezainbeste konektatzea espero dugu”. Irrintzi Plaza saioan Hartzak Zeruan taldea gonbidatu dugu eta zuzenean disko berriko abesti bat ere kantatu digute.