"Aterpetxe berria zabaldu izana albiste ona da, baina motz geratzen da eta berandu dator"

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 11a, 08:41

Bigarren aterpetxe bat zabalik da Iruñean etxegabeei arreta eskaintzeko baina hala ere motz gelditzen da: kalean segitzen dute zenbait pertsonak egunero-egunero. Entitate sozialek salaketa kalean egin dute eta Euskalerria Irratian Paris 365 Fudazioko kide Mikel Urabaienek esan du egoerari irtenbide emateko "erantzun integrala" behar zaiela eskaini. 

Egunak eta gauak ematen dituzte kalean. Etxegabeak dira, asko etorkinak eta deus gabe daude. Oherik ere ez zaie eskaintzen. Entitate sozial ugari atera dira egunotan kalera egoera honek berehalako irtenbidea behar duela eskatzera. "Aterpetxe berria zabaltzea albiste ona da nahiz eta ez den guztiei erantzuna ematera iristen. Hilabeteak daramatzagu egoera salatzen eta iruditzen zaigu berandu datorrela erabakia", esan du Paris 365 Fundazioko kide da Mikel Urabaienek. 

Dena dela, aterpetxea ere ez litzateke nahikoa izanen euren bizia duintzeko: "Eguneko zentroa ere beharko lukete eurekin egunerokoa egiteko: babesa behar dute, laguntza, gurera egokitzeko aukera, higiene gutxienekoa, gaixorik badaude hobetzeko aukera", azaldu du. Izan ere, aterpetxeetan goizeko zortzietan uzten dituzte kalean berriz. Horrela ezinezkoa dute egunerokotasun egoki bat hastea. Hori gutxi balitz adinez txikiak direnek ez dute aukerarik ere aterpetxe horietako batean lo egiteko: adin txikikorik ez baitute onartzen: "Kalean bizitzera kondenatuak daude, beraz", esan du.

Entitate sozialek eskaera argia dute: irtenbide egokia eman nahi bazaie babes integrala behar dute. Dei hori egiten diete instituzioei eta hain zuzen hori bera eskatuko diete gaur Iruñeko alkate Cristina Ibarrolari eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetarako kontseilari Carmen Maezturi. 18:00etan izanen dira biak aterpetxe berria bisitatzen: Gonzalez Tablas 8.ean dago. "Kalera atera daitezela eta ikus dezatela zein den egoera. Hala konturatuko lirateke zein motz gelditzen den euren eskaintza", ohartaraziko lieke Urabaienek. 

Entzun Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!