Aritz Abaroa, Euskaltzaindiako Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko teknikariak azaldu digu Irrintzi Plaza saioan erakusketa hau Euskaltzaindiak, Euskarabideak eta Berako Udalak antolatu duela, Uscaldunac garen ezquero ekimenaren baitan. "Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria."
Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.