14 urteko bost gaztetxo ditu ardatz eta euskarri eleberriak. Aurrez aurreko, zeharkako era
begietara begirako begiradak korapilatuko dituzte, nahita eta nahi gabe. Begirada itsuak izango
dira asko, mutuak beste asko, zalantzaz beteak gehienak. Erakutsi eta irakatsi ez dietena
ispiluaren aurrean ezagutuko dute. Erantzunik gabeko galdera asko zamatuko ditu bakardadeak
eta galderarik gabeko erantzun asko saretuko taldeak.
Nor izan, ikusia, onartua. Lehia, beldurra, identitatea, iraina, mina, ezintasuna, adiskidetasuna...
horiek dira, besteak beste, istorioari tira egiten dioten hariak. Gainerakoek gugan duten eragina,
guregatik garen edo besteengatik, gurekin garen edo besteekin. Nork trazatzen duen nor.
Liburuaren azken zatian bizitzaren esentzia mamitzeko galdera sorta bat dago atalka sailkatua.
Hausnarketa filosofikoa ezinbestekoa baita zer, zein eta nor garen jakiteko.
Irati Goikoetxea Asurabarrena (Beasain, 1984) Matematikan lizentziatua eta matematika
irakaslea da. Egun Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusian egiten
du lan. Zenbait komunikabidetako kolaboratzailea. Argitaratutako lanak: Arraroa (Mensajeros,
2010), Andraizea (2014, Erein), Herriak ez du barkatuko (Elkar, 2021).
Irrimarra ezizenaren atzean Karmele Gorroño Idirin (Galdakao, 1987) ilustratzailea dugu, Arte
Ederretan lizentziatua. Haur eta gazte literaturan hainbat album ilustratu ditu, besteak beste:
Altzoko handia (Erein, 2018), Ametsen basoa (Elkar, 2019) edo Erakusleihoan (Erein, 2019).