"Herritarrei ulermena eskatzen diegu, oinarrizko zerbitzu publiko bat duintzeko borrokan ari gara"

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 3a

Billabesetako gidarien lehen greba egunak %100eko jarraipena izan du. Gaur ere ohi baino autobus gutxiago dabil kaleetan eta ari direnak ohi baino beranduago iristen dira geltokietara. “Denon zerbitzua da hau eta denon intereserako da gidariek lan baldintza onak izatea” azaldu du Euskalerria Irratian LAB sindikatuko Ilargi Angulok.

Gaur ere goizean goiz atzoko irudi bera errepikatzen ari da, billabesa geltokiak jendez lepo, ohi baino autobus gutxiago kalean eta ari direnak, ohi baino beranduago iristen dira. Gutxieneko zerbitzuak kenduta, lantaldearen ehuneko ehunak bat egin zuen lehen greba deialdiarekin. KPIra lotutako soldata igoera eta batez ere lan baldintza duinak aldarrikatzen ari dira langileak, lan erritmoak moldatzea, komunera joateko aukera bermatzea edo ta autobusen mantenua hobetzea besteak beste. “Eskatzen duguna herritarren onerako ere bada, batez ere zerbitzua hobetuko delako, autobusetan aire girotua izanen delako, ibilgailuak hobeto zainduta egonen direlako...” azaldu du LAB sindikatuko Ilargi Angulok.

Hiri garraio publikoaren greba batek eragin handia du eta horregatik Iruñerriko mankomunitateak zuzendaritza eta langileak deitu ditu, bihar bilera egitera, ea gatazka berbideratu daitekeen. Bien bitartean langileek tinko eusten diote protestari eta larunbatean, arratsaldeko seietan, manifestazioa eginen dute Iruñeko karriketatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!