Musika elektronikoaren munduan dabilen jendeari erakuslehio eta elkargune bat eskaintzeko asmoarekin duela hiru urte sortu zen DLC Kultur egitasmoak bere gune propioa izanen du sanferminetan lehenengoz. Antoniuttiko aparkalekuan egonen da gunea, Iruñeko Udalak hala baimenduta, eta egunero egitarau zabala izanen du. DJ-ak izanen dira protagonista, baina kontzertuetarako zein zuzeneko showcase-tarako tartea ere egonen da. Ander Elustondo DLC-ko kideak nabarmendu bezala, "Iruñean daukagun musika eszenari erakusleiho bat eskaintzea" da helburua, hain zuzen ere ekimenak berak duen helburu bera.
Duela hiru urte sortu zen DLC Kultur, hiriko musika elektronikoaren eszenan zegoen hutsune bati erantzuna emateko: "Musika elektronikoaren alorrean genbiltzan jendeari elkargune bat, espazio bat eta leiho bat emateko beharra zegoen, horregatik sortu genuen DLC". San Frantzisko plazan du egoitza DLC-k. Bertatik plazara begira zabaltzen den erakusleihoa saioa jendaurrean egiteko baliatzen da, jendearen arreta deitzen duena maiz. Hasierako kolektiboei gehiago gehitzen joan zaizkie, eta gaur egun 80 kolektibo baino gehiago biltzen dituela zehaztu du Elustondok. "Argi dago bazegoela horrelako zerbaiten beharra Iruñean".
Erakusleiho izateaz gain, elkar ezagutza sustatzeko eta sinergiak sortzeko gune bilakatu da denborarekin DLC Kultur. "Orain arte ez genuen elkar ezagutzen, ez interes faltagatik, bakoitzak bere gauzak etxean egiten zituelako baizik. Tabernetatik edo ohiko beste eszenatokietatik kanpo zegoen toki bat behar genuen, eta hori da DLC Kultur". Elkarguneak sortu duena sanferminetan jendarteratzeko aukera emanen dio elkartearik Antoniuttiko txokoak: "Jendea gustura egoteko lekua izanen da, eta ezagutzen ez duenak gure proiektua ezagutzeko balioko du ere".
