"Frantziako tourra" egin berritan bueltatu dira Tatxersekoak Iruñera, eta atseden hartzeko ia tarterik gabe Gazteleko Plazako oholtzara begira jarri behar izan dira. Uztailaren 7an daukate hitzordua, gauerdi partean. Martin Ziriza taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak adierazi bezala, sanferminek emanen dien erakuslehioa aldarrikapen desberdinak agertzeko baliatu nahi dute, are gehiago kontutan hartuta bertako publikoa askotarikoa izanen dela: "Aroztegiaren inguruko erreferentzia egongo da, eta Palestinari ere erreferentzia eginen diogu... Baliatuz giri pila bat egonen direla, sentitu dezaten Iruñea ez dela beste edozein hiri bezalakoa, eta deseroso sentitzen badira batzuk hemen ditugun aldarrikapenekin, ba hala izatea. Hemengo posizionamendu politikoa zein den erakutsi nahi dugu".
Ezpatei disdira bigarren lan luzeak taldearen egonkortzea ekarri du. "Entzule asko irabazi genituen garaiarekin alderatuz, ez dugu hazkunde handiegirik izan, baina horretara ere ohitu behar gara. Baina konposaketa aldetik ere gauzak deskubritzeko bidea eman digu, gure estiloa zehazteko tartea eman digu". Diskoak hainbat nobedade ekarri zion Tatxersi, tartean Devesaren fitxaketa, estilo poperoarenganako hurbilketa eta zigilu berriaren hautaketa.
Zirizak adierazi duenez, aurtengo eta datorren urte hasierako kontzertuak bukatuta "etenaldi mugagabe bat" egingo du taldeak, "urtetxo ingurukoa". "Faltan botatzen dugu gelditzea, taldearen izaera zein den are gehiago zehazteko, aldatzeko, probatzeko... Asmoa da presioarik gabe konposatu ahal izatea". Bien bitartean, udarako bira dagoeneko osatua daukate, 30 hitzordu baino gehiagorekin. Horietako lehena izanen da uztailaren 7koa Iruñean, etxean.