Billabesetako gidarien greba mugagabea abian da

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 2a

Billabesetako gidarien gehiengoak grebaren aldeko hautua egin zuen atzo egindako galdeketan

Billabesetako gidarien greba mugagabea abian da. Atzo, langileek TCC enpresaren azkeneko proposamena bozkatzeko aukera izan zuten eta gehiengoak deuseztatu eta grebara jotzeko hautua egin zuten. 412 langilek hartu zuten parte galdeketan eta horietatik 264k mobilizazioekin jarraitzearen alde egin zuten. Kontra berriz 148k. Atzo zen hastekoa greba, baina langile batzordea plantillarekin kontsultatzea erabaki zuen. Hala ere, ohartarazi zuen, TCCk ez zituela aurrera pauso nabarmenik eman eta ondorioz, greba martxan da eta nabaritzen hasia da honezkero Iruñerriko kaleetan autobus gutxiago daudela.

TCC enpresa prest agertu zen soldata KPIa bezainbeste igotzeko, baina langileen batzordeak gogorarazi zuen proposamen hau aurreko hitzarmenean jada jasota zegoela. Langileek bajen tratamendua, lanaldi-murrizketa, jaiegunetako eta gaueko plusak, edo hitzarmen berriaren inguruan nahi zituzten adostasunak baina ez da posible izan.

Iruñerriko Mankomunitateak bere aldetik zerbitzu minimoak finkatu ditu. Gaurtik eta ostirala bitartean puntako orduetan %60ko zerbitzu minimoak izango dira, Sanferminetan %70era igoko direlarik. Gainerako orduetan %40koak izango dira aste honetan eta 70ekoak Sanferminetan. Grebak 150.000 bidaiariengan izango du eragina, Sanferminetan berriz 200.000 bidaiariengan.

Langile batzordea eta TCC enpresa negoziatzen jarraituko dute aste honetan eta San Ferminak hasi baino lehen akordioa lortzeko borondatea agertu dute. Hala eta guztiz ere, akordioa urrun ikusten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!