Hamalau emakumek euskararen alde egindako lana aitortu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 10a, 18:50

Erakusketa arratsalde honetan ireki da, eta bertan izan dira omendutako emakumeak, eta zendu direnen kasuan, horien senitartekoak.

Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikaela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana María Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman protagonista dira Hemen baditun 14 erakusketan, non euskararen sustapenean egin duten lana aintzat hartzen baitzaie. Erakusketa arratsalde honetan ireki da Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan patioa inguratzen duen galerian, eta abenduaren 20a arte bisitatzen ahalko da.

Inés Castiella Imaz irakasle eta erakusketako koordinatzailearen beraren ideia batetik sortu zen ekimena, 14 emakume hauen lana ikusarazteko, eta gaur, asteartearekin, inaugurazioarekin bat, aintzatespen berezia jaso dute. Inaugurazioan Cristina Martínez Dawe Berdintasuneko zinegotzi berezia, erakusketako koordinatzailea eta omendutako emakumeak beraiek edo, zendu direnen kasuan, senideak izanen dira, eta ekitaldian aintzatespen bana eman zaie egindako lanagatik. Ekitaldiko musika San Fermin abesbatzak jarri du.

Emakume bertsolariak eta mahai-ingurua, jarduera osagarriak

Erakusketaren programak jarduera osagarriak dauzka bai 14 emakume hauen nortasunean eta lanean sakontze aldera bai euskara sustatze aldera. Ostegunean, abenduak 12, bertso-saioa eginen da 18:30ean, Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Sarai Robles bertsolarien eskutik. Erakusketan barna ibiliko dira emanaldian, eta bertsoak omendutako 14 emakumeei eskainiko dizkiete. Mahai-inguru bat ere egonen da, data eta hizlariak oraindik zehazteko daudela, emakumeek euskara sustatzeko eta normalizatzeko duten paperari buruz.

Erakusketaren protagonistak 

Familia xume bateko 13 anai-arrebetan zaharrena, gogor lan egitea tokatu zitzaion txikitatik, aita ezindua geratu baitzen istripu batean. Eskolan 7 urterekin hasi zen, beste 56 haurrekin batera, eta irakasle-lanak egin zituen Manuel Lusarreta apaiz euskaltzalea gaixorik jarri zenean, eskola handik 3 urtera itxi zuten arte. Garai hartan emakume gutxik idazten eta argitaratzen zuten euskaraz, baina Saraguetak –nortasun handiko emakume– hainbat argitalpenetan egin zuen.

Familia abertzale bateko 5 anai-arrebetatik zaharrena, aita Zaikoa zuen, euskalduna (ez zien euskaraz erakutsi), eta ama, Iruñekoa (ez zen euskalduna). Mariak gero ikasi zuen euskara. Iruñeko Eskola Normalean egin zituen irakasle-ikasketak. 1927an titulua lortu, eta, gerraren aurretik, eskolak euskaraz emateko ikastetxe bat sortu zuen Karlos III.aren etorbidean: Iruñeko lehen ikastola. Bertan aritu ziren Petra Azpiroz, Pilar Alba, Miren Saizar eta EAJko Emakumeen Batzako hainbat kide.

Luzaiden jaio zen, eta lehendabiziko ikasketak sorterrian eta Hondarribian egin zituen. Geroago, Uztaritzera joan zen irakaskuntzakoak bukatzera, eta bertan aritu zen irakasle urte batzuetan. Setoain musikaria zen, eta euskal musika herrikoia biltzeari ekin zion. Zenbait bildumatan utzi zuen hori jasota, baina horiek aurkitzeko lanetan ari dira zenbait ikerlari oraindik. Hala ere, ezagunagoa dateke Setoainek egindako idazte-lana. 1960an hasi zen Luzaide aldizkarian argitaratzen, eta Vianako Printzea Erakundeak Iruñean argitaratzen zuen euskarazko gehigarrian ere idatzi zuen gero.

Leitzan jaio zen baserri giro euskaldunean, eta Astaitzaga baserrira ezkondu, eta bi seme eta alaba bat izan zituen. Baserri horretan eman zuen bizitza osoa. Txikitan eskolara joan, eta bertan igarri zion Ignazio Lizarraga apaiz eta irakasleak idazteko grina. Zeruko Argia, Argia, Amayur eta Plazaola astekarietan idazten zituen hainbat tokiren inguruko kronikak, bai eta Leitzako eta inguruko paisaiei eta tokiei buruz ere. “Eskarnetxu” eta “Lilitxu” izenordeekin sinatzen zituen idazkiak.

Familia euskaldun batean jaioa, 14 urterekin Iruñera etorri zen irakasle-ikasketak egitera. 17 urterekin titulua lortuta, Gipuzkoako oposizioak prestatzen hasi zen –han euskal eskolen sorrera-mugimendua abiatua zen–. Espainiako Bigarren Errepublikaren hasiera zen, eta Iruñean abiatua zen, Euskararen Adiskideen Elkarteak sustatuta, Escuela Vasca izenekoa sortzeko asmoa, Julia Fernandez Zabaleta, Catalina Alastuey eta Maritxu Viscarret horretan zebiltzala. Lizarran ere bazen euskal eskola bat sortzeko grina, eta Eusko Ikaskuntzak egin zion Petrari hura sortzeko eskaera: Petrak baiezkoa eman zuen. Lizarrakoa abiatu bitartean, Iruñeko Euskal Eskolan egon zen irakasle, eta horrek ikasteko balio izan zion. Azpiroz izan zen Gerra Zibilaren aurreko lehen euskal andereñoa.

Leitzan jaioa, baserri-giro erabat euskaldunean, gerra zibilak harrapatu zuen gazterik. Txikitatik baserriko eta etxeko lan gogorrak egin behar izan zituen, eta berdin segitu zuen ezkondu eta seme-alabekin Leitzan emandako bizitza guztian. Haren seme Iñaki Zabaleta idazle eta irakaslearen hitzetan, amaren ekarpen nagusia euskara altxor etnografiko eta kultural gisa gordetzea izan da, politikatik eta bestelako baldintzapenetatik aparte. Urkiolak hainbat eta hainbat esaera zahar, euskal esamolde eta otoitz –euskararen ikuspegitik benetako altxorrak direnak, garai hartan erlijioak zeukan garrantzia medio– aiton-amonengandik eta gurasoengandik jaso, eta ondorengo belaunaldiei helarazi zien –seme-alabei eta bilobei–, ahoz eta errepikaren errepikaz.

Luzia Goñi Basaburuko Gartzarongo bentetan sortu zen, Aizarotzen. Gaztetatik izan du bertsotarako zaletasuna. Duela gutxi arte ibili da etxean bertsoak idazten, eta bertso-sorta oso bat dauka etxean jasota. Hainbat eta hainbat herritako festa eta ekitalditan parte hartu du bertsoak prestatu eta haietan kantatzen. Iruñeko kaleetan ere ibilia da bertsoak kantatzen. 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan, txapela  jarri zion Julio Soto irabazleari. Euskalerria Irratian ere aritua da kolaboratzaile, kronikak egiten eta bertsoak abesten.

Mikela Gastesi baserri giroan sortu zen, estuasunik gabeko familia batean. Lau anai-arrebatan bigarrena zen, eta euskaldunak zituen gurasoak eta aiton-amonak. 1960an Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak elkartea sortu zuten euskaltzale batzuek, besteak beste, ikastola bat sortzeko asmoz. Bertan sartuta, Mikela Gastesik haurrendako lehen ikastola abiatu zuen, hainbat traba burokratiko gainditu ostean. Gipuzkoan Elbira Zipitriaren metodologia eta hango Ikastolen sorrera-mugimendua ezagutzen zituela, Nuestra Señora de Irantzu ikastolako lehen andereñoa bilakatu zen.

Ceferina Fontellas Iruñetik jaioberritan eraman, eta Beuntzan hazi zen, zazpi anai-arrebekin batera. Ama Arraratsekoa zuen, eta aita, Beuntzakoa, biak euskaldun. Udal-atezain Andrés Abárzuza alargunaren etxean zerbitzari ari zela, Víctor etxeko semearekin ezkondu zen. Kale Nagusian kokatu, eta bost seme-alaba izan zituzten. Oso gazte alargunduta, askotariko lanak egin zituen familia aurrera ateratzeko. Haietako bat, Abarzuza liburu-dendaren ardura. Euskara hedatu nahian, euskal liburuak saltzen zituen, debekuak eta mehatxuak gorabehera.

Filologia Erromanikoan lizentziaduna eta doktorea. Hizkuntzalaritza Orokorrean, Gaztelaniakoan eta Euskal Hizkuntzalaritzan aritu da irakasle eta ikerlari, nagusiki Nafarroako Unibertsitatean. Han, Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren buru izan zen (1980-2002) Jose Migel Barandiaranen ondotik, eta euskara eta euskal kultura sustatu zituen: euskal ikasketak, Euskal Ikasketen Diploma eta hainbat kultur ekitaldi eta jarduera, hala nola euskal asteak, idazleen hitzaldiak, poesia- eta bertso-saioak eta euskarazko argitalpenak eta irratsaioak. Iruñeko Udalak 1998an eratutako Toponimia Batzordean hartu zuen parte Nafarroako Unibertsitatearen ordezkari gisa.

Mirentxu Loyarte dugu zuzendari emakumezkoen artean lehena euskal zineman, eta lehena ere, euskaraz filmatu dutenetan. Frantziako Zinema Kontserbatorioan egin zituen zinema-zuzendaritzako ikasketak, eta 60ko hamarkadatik aurrera parte hartu zuen euskal ekoizpeneko zinemagintzak abiatutako mugimenduan: Fernando Larruquert eta Néstor Basterretxearen Ama Lur lana izan zuten aitzindari, aldarri politikoak eta linguistikoak azaleratuta. Loyartek 1978an egin zuen bere lehen lana, Irrintzi film laburra, Espainiako Zinematografia Zuzendaritza Nazionalaren Kalitatearen Sari Berezia jaso zuena. 

Gerra osteko garaian sortu zen, familia euskaldun batean, Ilarregiko Urrikenia baserrian (Ultzama). Nafarroako Diputazioan lanean hasi, eta irakasle aritu zen Nafarroako eremu euskalduneko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, eskolaz kanpoko ordutegian. 1972an oposizio publikoa gainditu eta, Nafarroako lehen euskara teknikaria bilakatu zen 1973an, Hezkuntza Zerbitzuan sortu berria zen Euskara Atalean. 

Eskola publikoetan irakasle, San Fermin ikastolan orientatzaile, eta Nafarroako Gobernuan hizkuntza normalizazio-lanetan aritu zen, Hezkuntza Departamentuko lehen Euskara Unitateko (1985-1988) eta Hizkuntza Politikako Plangintza Ataleko buru (1991-1997) izan zelarik. Gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Psikologiako irakasle titular aritu zen (1998-2012), erretiroa hartu arte.

Madrilgo  Unibertsitate  Konplutentsean  Farmazia ikasi zuen,  baina  alfabetatzearen eta euskalduntzearen mugimenduan da erreferente Nafarroan. 1972an Arturo Campion euskaltegi sortu berrian lanean hasi zenetik dihardu horretan. Nafarroako hainbat tokitan aritu da irakaskuntza-lanetan. Ibilbide luzea du euskararen aldeko laguntza- eta sustapen-taldeetan, eta horietako anitzen sortze-lanetan aritua da: Euskal Herrian Euskaraz, Zaldiko Maldiko, Karrikiri, Euskalerria Irratia, Euskaldunon Egunkaria… Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen Sagrario Aleman 2006an, eta 2007an, euskaltzain osoa izendatu zuten. 2012az geroztik diruzain da Akademian, nahiz eta eginbehar nagusia Sustapen Batzordea zuzentzea duen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!