Altsasuko gazteen auzia "terrorismoa" ez zela esateko apirileko manifestazioa "txiki" geratuko da, ekainaren 16koaren aurrean, kartzelan dagoen Adur Ramirez de Aldaren ama Bel Pozuetak esan duenez, heldu den asteko mobilizazioan Iruñeak "elkartasunez eta duintasunez" gainezka egin dezan lortuko baitu.
Elkarretaratzea egin dute Nafarroako parlamentuaren aurrean, bi astetik behin egiten zituzten mobilizazioak berrartuz, eta bertan izan dira EH Bilduko, Geroa Baiko, Ahal Duguko eta Ezkerrako ordezkariak, beste 200 lagunekin batera.
Askatasunaren alde, Askatasunaren plazara
Altsasuko gazteentzat justizia eta askatasuna eskatzeko Golemetatik aterako den mobilizazioa Askatasunaren plazan amaituko da, ez Gazteluko plazan, hala, ibilbide luzagoa osatuko du. Besteak beste, Antso Handiaren etorbidetik, Zaragoza etorbidetik eta Carlos IIIaren etorbidetik igaroko da.
Elkartasun uholdea
13 urtera arteko zigorrekin kondenatu duten ostatuko liskarrak hautsak harrotu dituela esan du Pozuetak, eta "Euskal Herriko babesaz gainera, Kataluniako eta Espainiako estatuko herrietako elkartasuna" jaso dutela.
Nafarroako Parlamentuak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ere dei egin dute ekainaren 16ko mobilizaziora joateko.