Gazteria kriminalizatzeari uzteko exijitu du Ernaik eta Altsasuko gazteei babesa adierazi die

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 7a, 12:34

Ernai erakundeko gazteak kezkatuta azaldu dira beste behin euskal gazteriaren kontrako epai bat ezagutu berritan. Altsasukoen auzia onartezina dela diote eta kriminalizazioan aro berri bat zabaltzen duena. Egoera salatzeko protestak eginen dituzte. 

Ernai erakundeko gazteak kezkatuta azaldu dira beste behin euskal gazteriaren kontrako epai bat ezagutu berritan. Altsasukoen auzia onartezina dela diote eta kriminalizazioan aro berri bat zabaltzen duena. Euskal Herrian gazteria libre izateko lanean segituko du Ernaik eta bide horretan mobilizazioak ere deitu dituzte.

Altsasuko Gurasoek deitutako manifestazioaren aurrekin, ekainaren 16aren aurretik alegia, protestak eginen dituzte: ekainaren 14an eta 15ean Utzi bakean euskal gazteria. Espainiar faxismoaren gainetik, Altsasukoak Aske! Goiburuarekin. Kanpatze batean ere parte hartuko dute gazteek.

Hauxe da Ernaiko kideek irakurritako oharra: 

Lehenik eta behin, gure besarkada indartsu eta maitakorrena muntaia nazkagarri honen
erruz espainiar espetxeetan gatibu dauden Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen, Oihan, Adur
eta Jokini. Baita Ainarari ere, eta gazte guzti hauen senide eta lagunei. Zuekin gaude!
Asteartean askok espero genuen zoritxarrezko eguna iritsi zen, hasiera-hasieratik
goitik-behera diseinatutako muntaiaren bukaera. Audientzia Nazionalaren sententziak
muntai polizial, judizial eta mediatikoak eragindako kaltea berretsi eta zuritu besterik ez
du egin. Altsasuko gazteak urte luzez etxetik ehunka kilometroetara bahituta izango
dituzten arren, sententzia honekin Euskal Gazteria izan da epaitua, kriminalizatua eta
zigortua.

Altsasuko gazteen aurkako sententziak Euskal Gazteriaren kontrako kriminalizazioan
aro berri bat irekitzen du. Estatuaren partetik norabide errepresibo argi bat zehazteaz
gain, aurrekariak ere zehazten baititu. Izan ere, prozesu lotsagarri honen atzean erabat
autoritario, inposatzaile eta atzerakoia den erregimenaren gerra estrategia bat
ezkutatzen da.

Zoritxarrez, hasieratik genekien guztiok hau gerta zitekeela, espainiar proiektu
politikoak bere egitasmoaren muinean inposizioa eta autoritarismoa baitauka.
Espainiar altxamendu faxistak, frankismoaren basakeriek eta iragan horrekin hausteko
borondate ezak osatu zuen ustezko 78ko erreforma. Oligarkiaren, IBEX35ren, Elizaren,
Koroaren, botere banaketa ezaren, Guardia Zibil zein indar armatuen eta alderdi joko
ustelaren neurrira ezarri baitziren 78ko erregimenaren zimenduak.
Espainiaren batasuna inposatzeko eta horren aurkako herri altxamendua suntsitzeko
etorri zen Guardia Zibila Euskal Herrira. Sorreratik karlistadetan, frankismoaren pasarte
ilunenetan, trantsizio odoltsuan, gerra zikinean, narkotrafikoa, sarekadak,
inkomunikazioko torturak, kontrolak, jarraipenak, mobilizazioen aurrean oldartzen,
tabernetan liskarrak eragiten...Gerra egitera etorri zirenak, beraien bakea inposatzeko
geratu dira.

Altsasuko gatazka nekez gertatu liteke Euskal Herriak okupazio militarra pairatuko ez
balu, gazteak egunero jazartzen dituzten indar errepresiboak harrokerietan ibiliko ez
balira. Ez delako isolatua, Euskal Herriko txoko desberdinetan pairatu izan baititugu
beraien erasoak.

Euskal gazteriaren etorkizuna jokoan dago. Espainia zein Frantziaren menpeko eta
sistema kapitalista heteropatriarkarraren lurpean bizirautea da eskaintzen digutena.
Bestelako Euskal Herri aske bat eraikitzen gabiltzan gazteok beraien jo puntuan gaude.
Gaur Altsasuko gazteak dira, baina bihar gutako edozein izan daiteke.
Arazoa politikoa den heinean, konponbideak politikoa behar du izan. Indar
okupatzaileak Euskal Herritik kanpora joan behar dira ezinbestean, Euskal Herriko indar
errepresiboak desegin behar diren bezala. Haratago, konponbidea Euskal Herriaren eta
bertako langile eta herri sektoreen eskutik etorriko da. Euskal Herriaren etorkizun
politikoa burujabetzatik igarotzen da soilik, egiazko bake eta askatasuna erdiesteko.
Bukatzeko, Ernai gazte antolakundetik dei egin nahi diogu euskal gazteriari Altsasuko
gazteen alde ekainaren 14 eta 15eko manifestazioetan parte hartzera, eta baitan
ekainaren 16ko mobilizazio nagusira joateko ere.

Oztopoak oztopo, egunez egun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabazten segi
dezagun. Animo eta ekin borrokari!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!