Altsasuko gazteen kontrako epaia salatzeko adierazpen bana onartu dute Nafarroako parlamentuak eta Iruñeko Udalak, biek ala biek, "neurrigabetasuna" salatuz. "Neurrigabetasuna auzi judizial guztian izan da, gertakariak terrorismotzat hartu zirenetatik eta ikerketa, auzipetzea eta Auzitegi Nazionalaren kondena iritsi den arte, zeinaren aurrean parlamentu honek beti arbuiorik sakonena adierazi baituen", jaso du parlamentuko laukoak aurkeztutako eta, logikoa denez, babestutako deklarazioak. Hori dela kausa, "bide judizialak agortu arte", auzipetuak kartzelan ez sartzeko galdegin du, ekainaren 16an 'Altsasuko auzia' salatzeko manifestazioarekin bat egin eta herritarrei joateko gonbidapena luzatu eta gero.
"Presio politikoak eta mediatikoak" hauspotu ditu horren zigor handiak, laukoaren ustez, eta "neurriz gaineko egoera sortu du"; horrek eragin du "normalean estatuko beste toki batzuetan ezartzen ez den kondena".
Iruñeko udala ere epaiaren kontra
"Neurrigabea". Parlamentuak erabilitako hitz bera erabili du Iruñeko Udalak ere, Altsasuko epaiari erreferentzia egiteko, EH Bildu Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin -bost boto- onartu dute adierazpena eta UPNren eta PSNren aurkako botoekin -lau boto-. Parlamentuak egin gisan, mobilizazioara joateko deia egin du.