Atzo iritsi zen Xabier Rey Urmenetaren gorpua Iruñera. Goizeko zazpi terdietan egin zioten lehen agurra. Iratxeko tanatoriora iristen ari zela Donibaneko bizilagunek, lagunek eta senideek txaloka hartu zuten errepideetako alde banatan jarrita. Ibilgailua eraikin barrura sartu aurretik aurreskua dantzatu zuten Reyren omenez bi dantzarik. Ondoren, Eusko Gudariak abestu zuten.
Gaur azken agurra egin diote Reyri, Iruñeko hilerrian, 13:00etan. Hiru ordu lehenago, LAB sindikatuak, Irurtzungo Neumaticos Iruña enpresan kontzentrazioa deitu du, eta 12:00etan beste bat Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bihar, berriz, manifestazio nazionalera deitu du Kalera Kalera dinamikak, 17:00etan.