Urrun dago Iruñetik, oso urrun, Puerto de Santa María. Hango gerla kartzela gogor batean eraman zuen Heriok Xabier Rey euskal preso politikoa. Xabierrek berak deiturik iritsi zen Herio, nonbait, baina horrek ez du gertaeraren larritasuna apaltzen, zorroztu baizik. Zer sentitzen ahal du hamar urte infernuan eman dituen norbaitek halako erabaki bat hartzeko? Pentsa ezazue une batez, une bakar batez bada ere, mesedez!
Infernu guziak pertsonek irudikatu edo eraikiak dira eta norbaitek nahita haragiztatu zuen infernu bat Xabier Herio deitzera bultzatzeko. Izan ere, badira infernugintza helburu dutenak.
Xabier Reyren beilatik ateratzen nintzela, gertuko haurdunaldi baten berri izan nuen. Zirraragarria izan zen, eta alabaren bila manifestazio feminista erraldoira hurbildu nintzenean, orduan ere, Xabier nuen gogoan.
Jakin dezaten infernu egile zital guziek bizitzaren taupadaren kontrako gerla ez dutela inoiz irabaziko.