Reyren heriotzaren ardura "Espainiako estatuaren espetxe politika suntsitzaileak" duela salatu du Etxeratek

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 7a, 13:30
Argazkia: Etxeratek Reyren heriotza salatzeko eskainitako prentsaurrekoa.

"Heriotza berri hau ekidin zezaketen. Baina ez dute nahi izan", salatu du Urtzi Errazkin Etxerako kideak, presoen aferari "behin betiko konponbidea" eman behar zaiola aldarrikatzearekin bat.

"Heriotza berri hau ekidin zezaketen. Baina ez dute nahi izan. ETAren borroka armatuaren eteteak 6 urte beteak ditu eta urtebete beteko da erakundea armagabetu zela. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek, eta errepresaliatu politikoek, ordea, ezin dugu salbuespen espetxe politikak eragindako min eta sufrimenduaren inguruan iraganean hitz egin. Egunerokoan eta astero bizi baititugu senide eta lagunok espetxe politika ankerraren ondorioak", esan du Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak. 

Reyren heriotzaren ardura "Espainiako estatuaren espetxe politika suntsitzaileak" duela salatu du Etxeratek. "Ez al da krudela, era kolektibo batean tratatuz, euskal preso politikoak lehen gradu gogor batean mantentzeko, erregimen itxi batean, etengabe, dagoen erabaki politikoa? Xabier Rey kondena luzea duten eta urrun dauden espetxetan betetzen ari diren euskal preso politikoen kolektiboko kidea zen, hondatze fisiko eta psikiko ikaragarria sufritzen duten kolektiboko kidea zen".

Zein izen du Reyren heriotzak?

"Hamar urtez lehen graduan preso egon ondoren, ze izen jarriko diogu Xabiren heriotzari? Sakabanaketa politikaren aldekoek ze esango dute honetaz haien ardura ukatzeko?". Galdera airean utzi du Errazkinek.

Programatutako ekimenetan parte hartzeko zein espetxe instalazioetara sartzeko debekuak zituela eta patioan lau ordu baino ezin zela egon gogorarazi dute, baita haren senideek 1.050 kilometro egin behar zituztela ikusi ahal izateko. "Ez ote da krudela Xabier Reyren senide eta gertukoek 1.050 kilometro egin behar izatea Puerto de Santa Mariaraino, haien senide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 10 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien antzera?".

Bide orri bateratua 

"Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian", adierazi du Errazkinek. 

"Konpromisoa, ausardia eta adorea" eskatu ditu Etxeratek, sakabanaketarekin amaitu ahal izateko. Halaber, familiaren saminean lagun izanen da eta elkartasuna agertu dio.

Erlazionatuak

Xabier Rey preso iruindarra hil da

Euskalerria Irratia 2018 mar 07 Iruñea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!