Xabier Rey preso iruindarra hil da

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 7a, 12:41

Xabier Rey Urmeneta 'Antxo'.

>Puerto III espetxean zegoen, Cadizen.  10 urte zeramatzan preso, beti urrunduta. Atzo hil zen.
>Etxerat Elkarteak informazio gehiago emanen du heriotza horren inguruan 11:30etan Iruñean. 
>Donibane auzoan mobilizazioak eginen dituzte 20:00etan, Belateko Monasterio kaleko biribilgunean. 

Etxerat Elkartetik jakinarazi zuten atzo iluntzean Xabier Rey preso iruindarra ziegan hilik topatu zutela. Euskal Herritik 1.050 kilometrotara dagoen Puerto III espetxean zendu dela baieztatu zuten. Preso nafarra 2008an atxilotu zuten eta lehen graduan zegoen Andaluziako espetxe honetan eta horrek "erabat zailtzen ditu euskal presoen bizi baldintzak", salatu dute. "Egoera gogor honen aurrean gure babes osoa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Xabierren senide eta gertukoei", adierazi du Etxeratek. "Une latz hauetan bai sakabanaketa zein euskal presoen aurka mantentzen diren gainontzeko salbuespen neurri krudelak bertan behera uztea" exijitzen. Efe berri agentziak emandako informazioaren arabera, ebakiak zituen besoetan. Espainiako Barne Ministerioaren iturriak aipatuz, «itxura guztien arabera» bere buruaz beste egin zuela zabaldu du.

Heriotza horren aurrean berehala sare sozialak doluminez, amorruz eta salaketa mezuz bete ziren. Etxerat Elkarteak iragarri du gaur 11:30etan agerraldia eginen duela Iruñean gertatutakoaren inguruko informazioa zabaltzeko. Donibane auzoan gainera 20:00etan mobilizazioak eginen dituzte. Hitzordua Belateko Monasterio kaleko biribilgunean izanen da. 

Torturak jasan zituen Reyk

Xabier Rey Urmeneta Antxo-k 38 urte zituen egun eta 2008ko urrian atxilotu zuten, beste hiru lagunekin batera, ETAren Hego Haizea komandoko kide izatea leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskak zuzendutako operazio batean. Reyk eta beste bi atxilotuk salatu zuten torturak jasan zituztela polizia etxean inkomunikatuta egon ziren bitartean. Grande-Marlaskak uko egin zion torturak saihesteko protokoloa ezartzeari, horretarako eskabidea egin zioten arren. Lau atxilotuak 2010ean epaitu zituzten, eta 2011ko martxoan, 26na urteko kartzela zigorra ezarri zioten Reyri eta Aurken Solari. Beste bi akusatuak, Araitz Amatria eta Sergio Boada, errugabetu egin zituzten.

Espetxean hilik topatu duten hamazazpigarren presoa

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arabera, orain arte hamasei preso hil dira espetxean; horietatik zazpi gaixotasunen ondorioz edo osasun arazo batengatik, eta beste bederatzi beren buruaz beste eginda agertu ziren. Beste hamar preso ere hil ziren askatasuna berreskuratu edo baldintzapean aske geratu eta gutxira, espetxean hartutako gaixotasun edo osasun arazoengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!