Kaleratzeak justifikaezinak dira Siemens Gamesan sindikatuen ustez

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 30a, 08:25

Ordezkaritza duten lau sindikatuek iragarri dute ez dutela, printzipioz, dosierra negoziatuko, zuzendaritzak egin nahi dituen kaleratzeak justifikaezinak iruditzen zaizkielako. Lan Erregulazio Espedientea bertan behera uzteko eskatu dute. 

Enpresak 6.000 langile bota nahi ditu mundu osoan, lan talde osoaren %23. Kaleratze horietatik, 155 dira Euskal Herrian: 92 Sarrigurengo ingeniaritza eta Ikerketa eta Garapena zentroan, 11 Aratzuri-Orkoiengo zentro logistikoan, eta lau, berriz, Iruñeko Soltxateko industrialdeko biltegian. Siemens Gamesako langileek protesta egin zuten atzo lantoki horien aurrean. 

Elkarretaratzeek eta bost minutuko lanuzteek jarraipen handia izan zutela azaldu zuten lau sindikatu nagusiek. Protestak hasi besterik ez direla egin ohartarazi dute, eta datozen asteetan mobilizazioak areagotu egingo dituztela. Siemens Gamesaren erregulazio espedientearen bilerak Madrilgo bulegoetan deitu ditu zuzendaritzak. CCOOri bost ordezkari dagozkio negoziazio horretan eta launa UGTri eta ELAri; LABek ez du ordezkaririk, baina entzule gisa onartu dute.

Nafarroako Gobernuak haserrea adierazi zion enpresari, aurretik enpresako iturriek iradoki zitzaizkien kaleratzeak baino askoz gehiago izan direlako azkenean iragarritakoak.

Kontratu mamitsuak lortzen ari den une batean dator Siemens Gamesaren birmoldaketa. Atzo iragarri zuen 113 haize errota jarriko dituela itsasoan, Danimarkan, Suediako Vattenfall argindar konpainia suediarraren hiru parketan. Astelehenean, berriz, 103 haize errota jartzeko kontratua lortu zuen, Thailandian. Merkatu kuota %19,3ra igo du, eta %30era ere iristen da offshore adarrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!