Sandra Nadal Vital iruindarrak irabazi du aurtengo San Fermin jaiak iragartzeko kartel-lehiaketa. Herri bozketan aukeratu da irabazlea, epaimahaiak hautatutako hamar lan finalisten artean. 4.096 boto lortu ditu Nadalek, boto guztien %39,1. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du eta beste bederatzi finalistek ere saria jasoko dute, 500 eurokoa.
490 afixaren artean hamar hautatu zituen epai-mahai profesional batek “sentsibilitatez eta erantzukizunez, Joseba Asiron alkateak nabarmendu bezala. Eta orain, herritarrek irabazlea aukeratu dute herri bozketan. Igandean amaitu zen botoa emateko epea eta 10.475 pertsonek aukeratu dute haien gogokoena. Iaz 10.018 boto erregistratu ziren eta aurtengoa bigarren bozketarik jendetsuena izan da 2019az geroztik; botoen %70 internet bidez eman da.
Nadalek azaldu duenez, kartelean "oinarrizko bi elementu daude": etxea "etxekoaren, gurearen eta egunerokotasunaren irudikapen gisa" eta "iruindarren nortasunaren irudikapena".
"Edozein lekutara goazenean, berdin dio zein den munduaren zatia, eta Iruñeko arropa txuri-gorria ikusten dugunean, badakigu gu garela, gure nortasuna da". "Gonbidapen bat adierazi nahi nuen", gaineratu du egileak.
Teknikari dagokionez, artista plastiko gisa "pinturak, koloreak, orbanak mugiarazten naute". Adimen artifizialaren eta berehalakotasunaren garaietan, alor artistikoaren aldeko apustua egin du Nadalek: "eskuz egindako lana eta denborarekin".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!