BSHk ikusgarri izaten segitu nahi du: sanferminetako txupinazoa botatzeko proposamena egin dute langileek

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 8a, 13:33

Ikusgarritasuna izaten segitu nahi dute BSHko langileek. Gaur, lantokiko teilatura igo eta koloretako bengalak piztu dituzten bitartean zenbait pankarta erraldoi jarri dituzte zintzilik, tartean, baita langile baten heriotza iduri zuen panpin bat ere. Gaurkoa haratago, atzo, sanferminak prestatzeko mahaian izan ziren langileak eta 2025eko txupinazoa botatzeko hautagai izan nahi dutela jakinarazi zuten. 

40 egun baino ez zaizkie geratzen enpresak itxi ez dezan ahaleginak egiteko. Ekainaren 16an amaituko litzateke zuzendaritzak jarritako epea. Denborarekin malgu jokatzeko eskatu diete, industrializazio prozesu batek eskatzen duena bezain beste. Gizartean euren ahotsa entzuten segitzeko ekimenen artean, hauxe ere mahai gainean jarri dute: "Atzo sanferminak prestatzeko biltzen den mahaian izan ziren langileetako batzuk eta txupinazoa botatzeko gure nahia helarazi genien. Horrekin nazioarteko ikusgarritasuna eskuratuko genuke", esan du Sergio Ayucar LAB sindikatuko ordezkari eta BSHko langileak. 

Aurrera pausorik ez da ia eman abenduan BSHko zuzendaritzak Eskirozko lantokia ixteko asmoa helarazi zuenetik. 655 familiaren etorkizuna dago jokoan ordutik. Etengabekoa da enpresa itxi ez dezaten egiten ari diren lana. Dena dela, langileak baztertuta sentitzen dira erabakiak hartzen diren eremuetatik: "Informazioa baino ez digute helarazten". 

Eskirozko lantokiak jasotzen ditu bisitak eta langileek itxaropena ez dute galdu. Itxiera ekiditeko bilera eta lanek diskrezioa eskatzen dute. Era berean, euren egoera kritikoa dela adierazten segitzeko asmoa dute langileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!