Aste honetan zehar Mendian emakumeekin zikloa ospatzen ari da Antsoainen, bertako Mendi Eskolak antolatuta. Asteazkenean, 18:30ean, Igone Mariezkurrena andoaindarraren txanda izanen da, Islandiako eremu basatiena bizikletaz ezagutu duen abenturazalea. Hala, Mariezkurrenak 2022ko udaberrian Islandiako Westfjords eskualdean bizikletaz egindako bidaiaren berri emango du.
Ring Road bide sonatua ez da Westfjords-era heltzen eta, beraz, ezta urtero Islandiara iristen diren 5 milioi bisitariak ere. Zentzu horretan, herrialdearen altxorra da, natura basatia gordetzen du bere baitan, ukitu gabea. Errepideen erdiak baino gehiago asfaltatu gabe daude oraindik, eta horrek ere uxatzen ditu turistak. Zirkulu polar artikotik 50 kilometro eskasera dagoen Westfjords eskualde honetan, tundrako klima izugarri aldakorra, haizetsua eta hotza da udaberri zein uda betean ere. Horrenbestez, benetako erronka da munduko bazter hau bizikletaz ezagutzea.
Aurtengo Mendi Astearen baitan kokatzen den egitarauaren helburua argia da: oraindik ere gizonezkoen ahotsak nagusi dituen alorrean emakumeen garrantzia nabarmentzea.
Mariezkurreaz aparte, Patricia Viscarret, Uxue Murolas, Talía Lino, Silvia Vidal eta Uxue Loizu kirolariek parte hartuko dute hitzaldi zikloan. Hitzaldi guztiak Antsoaingo Antzokian izanen dira, Mariezkurrenarena ezik, Bikupe elkartean eginen dena. Antolatzaileek nabarmendu bezala, ziklo osoa doakoa izanen da eta sarrerak hitzaldiak hasi baino ordubete lehenago jaso ahal izango dira agertokiko leihatilan.
Egitarau osoa Antsoaingo Udalaren webgunean eta Antsoaingo Mendi Eskolako sare sozialetan aurkitu daiteke.