Zumaian jaioa eta Lekunberrin finkatua da Luisa Aldaburu. Eskultorea eta diziplina anitzeko artista da. Eskuahaldunak Euskal Eskultoreen Elkarteko kidea ere da Aldaburu eta elkartearen sorburua izan dugu hizpide. Azken Mugak jaialdian hainbat sortzailek egin zuten topo, eta jaialdia bukatzerakoan, ez zuten bere horretan utzi nahi. Eta, ibilbide hau abiatu zuten elkartea sortu arte, azaldu du Aldaburuk.
Elkarteak Euskal Herria osoan zehar eskulturaren erakusleiho eta aldarrikatzaile izateko sortu zen. Izan ere, Aldaburuk baieztatu du: "euskal eskultura bizirik dago eta nahi genuen hori ikustarazi eta bertako eskultura balorean jarri". Horren adibideetako bat da Orain gu erakusketa. "Gure garaia dela, gure momentua dela" adierazi nahi zutela dio eskultoreak. Eskaintza askotarikoa da Kondestable Jauregiaren Areto Gotikoan eskegi dutena, Aldabururen hitzetan, “oso talde heterogeneoa bildu gara”.
Erakusketaz gain, arteaz, eskulturagileez eta sormenaz hausnartzeko tartea eskaini digu Luisa Aldaburuk. Artearen funtzioa balorean jartzearen aldarrikapena egin du, eta horretarako, umeak jarri ditu eredu. "Gizartearentzat ez ezik, norbakoentzat funtzio bat betetzen du arteak; garrantzitsua da umeek ikus dezatela artea ere bizitzaren parte dela, osasuntsua dela, eta beste edozer bezala, lantzen dela", argi adierazi du mezua.