Sarriguren BHIko bost ikaslek matematikako ikurrei buruzko lan bat egin dute Sorionekutik abiatuta

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 17a, 20:02

Kultura desberdinetan erabili diren matematikan sinboloei buruzko lan bat egin dute ikasleek. Lau zenbaki sistema alderatu dituzte (txinatarra, hamartarra, greziarra eta erromatarra) ikusteko zein den digito gutxien erabiltzen duena. Honetaz gain euskara eta iberieraren arteko balizko harremanaz egin dute hausnarketa. 

Izaro Barberena, Iradi Goñi, Irati Salinas, Enara Villanueva eta Irati Villanueva, eta Unai Olano tutorea Irrintzi Plaza saioan izan dira haien estatistika eta hizkuntzalaritza lanari buruzko azalpenak ematen.

"Sorioneku hitza, Iberiera hitzkuntzako sinbolismoak, zenbaki sistemak, matematika.... aitzakia bezala hartuaz, historian zehar kultura ezberdinetan izan diren zenbaki edo sinbolo sistemak aztertzea erabaki dugu. Zenbakiak idazterakoan sistema ezberdinek ematen diguten errentagarritasuna zehazki ikustea zen gure helburua." 

Horretarako sistema bakoitzeko lehen 300 zenbakiak aztertu eta alderatu dituzte. 

Honekin batera ikaskideen eta irakasleen iritziak bildu dituzte galdetegi baten bidez. "Erantzun zuzena aurkitzeko kalkulu ezberdinak eta grafikoak egin ditugu eta esan behar dugu ez ikasleek, ez irakasleek ere asmatu zutela."

Honekin batera gogoeta interesgarri egin dute iberiera eta euskararen arteko balizko harremanaz, kontuan hartuta iberiarren zenbakiak idateko modua bat datorrela egungo euskararenarekin. 

Spoiler: sistema greziarra da ekonomikoena, hau da, digito edo sinbolo gutxien erabiltzen duena. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!