Ofizioz irakasle izateak oinarri bat bakarrik ez, eta askatasuna ere ematen dio Simon Montxuri eduki sortzaile bezala bidea egiteko. Izan ere, nahi duen hori konpartitzen jakin du. Betidanik "nahiko saltsero" izan da, eta horrek argazkiekin jolastera eraman zuen duela urte batzuk. "Anaiari argazki kamera eskatu nion eta horrekin edukiak igotzen hasi nintzen, egiten nituen bidaiak kontatzen ere. Eta emeki-emeki gero eta jende gehiagok jarraitzen hasi zitzaidan sareetan, Instagramen zehazki".
Gerora, Un café con Simón bezalako edukiak sortzen hasi zen, "barne-munduari eta superazioari buruzko elkarrizketak" zirenak gehienbat. Baina denborarekin Instagrameko edukiak zehazten eta fintzen joan zen, gaur egun duen profila osatu arte. Hala ere, argi dauka pertsonaren eta pertsonaiaren artean aldea badagoela, ez dela dena sareetan agertzen dena. "Kontua da pertsonaiaren eta pertsonaren artean tarte handiegia uzten baduzu, barne arazoak izaten hasi zaitezkeela. Horregatik, ni tarte ahal bezain txikia uzten saiatzen naiz. Nire irizpidea, nire buruarekin ados eta gustura egotea da zerbait igotzea erabakitzen dudanean".