Juan de Amendux iruindarrak 1567an euskaraz idatzitako elegiaren inguruan bideo bat ekoiztu du Euskarabideak. Tafallako kartzelan idatzia omen, Nafarroako Artxiboan dagoen testuan Amenduxek bere bizitzan zehar jasan zituen zorigaitzak kontatzen ditu.
Joan Amendux Iruñean sortu zen XVI. mendearen lehen erdian, jatorri baxenabartarreko familia dirudun batean. Haurra zela umezurtz gelditu zen, eta ordutik dena izan zen arazo eta kalapita. Lehengusu baten tutoretzapean Valtierrara joan zen, eta handik Tuterara ikastera. Ofizio bat ikastera Zaragozara joan zen baina, osasun arazoak tarteko, ez bide zuen arrakasta handirik izan eta sarritan itzuli zen Valtierrara. Flandrian egon ondoren mertzeria bat zabaldu omen zuen Iruñean, baina negozioetan arrakastarik izan ez, eta zor handiak batu zituen. Osabak bermatu zuen huts egindako negozio hori eta, ondorioz, kartzela ezagutu. Osabak, gero, Amendux bera espetxeratzeko eskaria egin omen zuen. Zenbait hilabetez egoera txarrean egon zen Amendux preso, Tafallan eta Iruñean. Atera ondoren hasi ziren familiarekiko auziak, hil arte eraman zituenak. Testuinguru lazgarri horretan txertatzen da Amenduxek euskaraz idatzitako epitafio gogorra.
Auziaren dokumentazioa Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean dago gordea. Auziaren paperen artean aparteko koaderno bat agertu zen, zenbait oharrez gain Amenduxek idatzitako testua dakarrena.
Bideoa
Bideoa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez azpititulatuta dago, eta Aziti Bihia filologo eta hizkuntzalarien elkarteak eta Kideka musika elkarteak elkarrekin ekoiztu dute, Euskarabidearen laguntza ekonomikoarekin, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren sorreraren 50. urteurrenaren harira egindako ekintzen barruan.
Olerkiaren musikalizazioarekin, testua aztertu eta irakurketa eta interpretazio berri bat proposatu duen lan filologikoa nabarmendu nahi da, Amenduxen olerkia Errenazimentuaren ohiko poesia kultuaren generoaren barruan proposatzeaz gain.
Iratxeko monasterioko klaustro errenazentistan grabatu da bideoa, poema Europako Errenazimenduaren korrontearen barruan kokatzeko asmoz. Musikari dagokionez, Benoit Lamerainek Luys de Narvaezen (1500-1555) partitura baten gaineko moldaketak egin ditu. Ahotsa Maitena Duhalde abeslariak jarri du.
Bideoaren edizioa Fontes Linguae Vasconum: studia et Documenta euskal hizkuntzalaritza eta filologiako aldizkari zientifikoa sortu zeneko 50. urteurreneko ospakizunen barruan kokatzen da. Nafarroako Foru Aldundia 1969an hasi zen argitaratzen, Príncipe de Viana erakundearen bitartez. Aldizkariak, ikerketa-artikuluak argitaratzeaz gain, artxibategi eta bildumetan barreiatuta zeuden euskarazko testu zaharrak bildu, aztertu eta editatzeko lana nabarmentzen du, ikertzaileei testu horietara iristeko erraztasunak emanez.
Bideoaren edizio eta zabalkundearekin, Nafarroako Gobernuak amaitutzat eman ditu Fontes Linguae Vasconum: studia et Documenta euskal hizkuntzalaritza eta filologia aldizkari zientifikoaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak.
Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria eta Aziti Bihia hizkuntzalari taldeko kidea den Ekaitz Santazilia dugu gurekin.
“Hemen natza ehortzirik, noizbait gozo eritzirik,
Herioak uste gabe dolorezki egotzirik,
ene anima Jangoikoagana beldurrekin partiturik,
lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,
onak eta honrak bertan munduak edekirik,
plazerak azkeneraino atsekabe bihurturik.
Ahaideak eta adiskideak, arte gutxiz atzendurik,
ikusten ditut itsusirik, harretxe guztia deseginik,
argi gabe ilunbetan, ustel eta kirasturik.
Negar begi bat bederak bere aldiaz oroiturik,
nehork ere izanen ez du nik ez dudan partidurik.
Ene anima gomenda ezazue garitatez mobiturik,
zarraizkidate gero bertan hitz hauek ongi notaturik:
Josafaten baturen gara Judizion elkarrekin;
bitartean lo dagigun, bakea izan dadila guztiekin.”