Eduardo Ibero (Yala Nafarroa): "Isiltasunak konplize egiten zaitu, aldiz, kalean egoteak palestinarren ahotsa altxatzen laguntzen du"

Maialen Huarte Arano 2025eko abuztuaren 13a

"Erakundeak eta agintariak behartu behar ditugu Israelekiko edozein harreman etetera", argi eskatu du Eduardo Ibero Yala Nafarroa taldeko kideak. "Marraren zein aldetan egon nahi duzun erabakitzea erraza da: isiltasunak genozidioaren konplize bilakatzen zaitu", uste du. Norbanakoek palestinarekiko elkartasuna adierazteko kaleak hartzen segitzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio Iberori eta Israel bakartzeko deiadarra egiten segitzea. 

Erakunde eta agintariek palestinarrak ahazten dituztela diozue, baina herritarrek tinko segitzen dute. Horren erakusle igandean Iruñean izandako manifestazioa.

Berriro ere nafar gizarteak Palestinaren eta giza eskubideen alde dagoela adierazi zuen. Egoera egun bat gehiago ere ezin dela jasan salatu zuten: Gazatik datozen irudi basatiak eta erakundeen gelditasuna jasangaitzak direla.

Zenbait lurralde ari da Palestina aitortzen: Australiak eginen du irailean.

Aurrera pausuak dira, baina une hauetan ez dute ezertarako balio. Pausu sendoak eman behar dira eta ez da halakorik iristen. Israelekiko harreman guztiak eten egin behar dituzte.

Gosez hiltzen dituzte, egarriz hiltzen dituzte eta mezulariak ere hiltzen dituzte, kazetariak. Zein da han egoera?

Imajina ezazu zer nolako egoera larria bizitzen ari diren. Larria izan bada orain arte, are gehiago izanen da: Benjamin Netanyahuk iragarritako planak betetzen baditu gizatediaren aurkako desastrea izanen da datorkiguna.

Gaza osoa okupatzeaz ari zara, ezta?

Bai. Gaza hiritik milioi bat pertsona baino gehiago aterarazi nahi dituzte. Horrek sor dezakeen arazoa handia izan daiteke.

Euskal Herrian gero eta gehiago dira sanferminetako oihuari batzen ari zaizkion herriak, jaialdiak eta festak. Nola bizitzen ari zarete hori Yala Nafarroan?

Pozten gara horrekin, pausuak dira. Kontuan hartu behar da hemen marra bat dagoela; norberak jakin behar du marraren zein aldetan dagoen. Isiltasunak konplize egiten zaitu eta marraren alde batean kokatu. Bada jendea marraren beste aldera pasa nahi duena, eta hori ere poztekoa da.

Zer egin dezake norbanako bakoitzak palestinarrekiko elkartasuna adierazi eta Israeli boikota egiteko?

Nik esanen nuke kalean egon behar dugula igandean egin genuen bezala. Kalean ozen eskatu behar diegu gobernuei Israelekiko harremanak haustera. Bultzada eman eta horretara behartu.

Yalah Nafarroan zein lan egiten ari zarete une hauetan?

Iaz hasi genuen dinamikarekin jarraitzen dugu. Nafarroako 70 udaletan aurrera atera den mozioarekin segitzen dugu. Udalak bide horretan sartu nahi ditugu. Mozio horren bidez konpromisoa hartzen dute Israelekin harremanak haustera. Tevaren kontrako kanpaina ere mantentzen ari gara. Enpresarik handiena da Israelen. Nafarroako Gobernua behartu nahi dugu harreman hori haustera.

Gero eta mugimendu gehiago sumatzen da herri ekimenetatik eta auzoetatik dirua biltzeko eta elkartasunerako kanpainak egiten. Zer du eskuartean Yala Nafarroak?

Irailaren hasieran Espainiako itzulia Nafarroatik pasako da. Hor izanen gara. Israelgo taldeari esanen diogu ez dela ongi etorria. Gero, Ibaitik Itsasora martxan ere izanen gara parte hartzen. Hamar egunez Euskal Herria zeharkatuko du. Tuteran izanen du abiada eta geldialdiak eginen ditu herri zenbaitetan eta salatu eginen ditugu Israelekin harremanak dituzten enpresak.

Yala Nafarroa taldeko kide Eduardo Iberoren elkarrizketa entzuteko argazkian klik egin behar da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!