8.000 pertsona inguru elkartu ziren atzo Iruñean, manifestazio batean Palestinan genozidioa amaitzea eskatzeko eta estatuei hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzeko.
Yala Nafarroak deitutako premiazko manifestazioa izan da, Palestinak bizi duen egoerak bultzatuta, larrialdia handia delako. Nazioarteko erakundeen eta gobernuen gelditasuna salatu dute, hari esker gauzatzen ari baita genozidioa.
Hala mintzatu dira Yala Nafarroako bozeramaileak: “Premiazkoa eta beharrezkoa da. Jada ez da Palestinagatik bakarrik gizateria osoagatik baizik, giza balioen biziraupenaren alde, eskubideen defentsa eta askatasunaren alde”.
Haustura “berehalakoa” eta “irmoa” izan behar duela berretsi du Yalak. Nafarroako zein estatuko ordezkari politikoei ardurak hartzea eskatu diete, izan ere, haien “moral bikoitza jasanezina da”.
“Israleekin harreman guztiak premiaz hausteko eskatzen diegu”, adierazi dute. “Nafarroako Gobernuari eta bere bazkideei eskatzen diegu Estatuko Gobernua presiona dezatela zentzu horretan”, gaineratu dute. Izan ere, berehalako erantzunaren premia eta “ekintza zehatzak eta sendoak” behar direla nabarmendu dute.
Larrialdiko manifestazio honetaz harago, eta hausturak eskatzeaz gain, Gazan bizi duten gosetearekin amaitzea eskatzeko beste manifestazio erraldoi bat deitu dute urrirako. Palestinarekin Elkartasuna taldeak, urriaren 4an, manifestazio nazionala deitu du Iruñean, hiru aldarri nagusirekin: palestinar erresistentziari baldintzarik gabeko babesa ematea; "Israel suntsitzea" Palestinaren askapenerako; eta Israelekin harreman guztiak etetea.