Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da. Halaxe izendatu du Hasier Larretxea (Arraioz, Baztan, 1982) idazleak Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratutako azken lan autobiografikoa. Puskaz puska, Larretxea bere identitatearen ataletan barrena murgildu da, Baztango zein Madrilgo paisaia antagonikoak lotuz, haurtzaroko zein nerabezaroko memoria zuloetan sartuz.
Egileak adierazi bezala, ispilu bati begira idatzitako ariketa literarioa izan da hau. Filtrorik gabe, norberaren lotsak eta zauriak, argiak eta ilunak agerian uzten dituen ispilu bat: "Homosexualitatea da, funtsean, liburua zeharkatzen duena, eta ttikitatik igaro behar izan ditugun egoerak. Saiatu naiz idazlea izatearen nitasunaren hanpaketarik gabe idazten".
Landa eremuarekiko eta familiarekiko harremanaren, loditasunaren, identitateen, gentrifikazioaren edo LGTBI kolektiboaren kontraesanetan ere murgildu da Larretxea: "Homosexualitatea versus heterosexualitatea, euskalduntasuna versus Madrilen izan... Eta nahiz eta bilakaera propioaren bidezidorrak dauden, LGTBI kolektiboaren argi-ilunetaz ere mintzatzen naiz".
Hainbat poesia eta narrazio liburu idatzi ondotik, hau da Larretxeak memoria genero hutsean idazten duen lehenengo liburua.