Zorionez, gero eta ohikoagoa da Nafarroako hiri eta herrietako bestetan puntu moreak aurkitzea. Zoritxarrez, zerbitzu hori emateak beharrezkoa izaten jarraitzen du. Halaxe laburbildu du Leire Martinez Etxeberria Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko teknikariak egoera, besta eta ospakizun eremuetan emakumeek eta bestelako kolektibo zaurgarriek jasaten duten indarkeriari dagokionez.
Equalak eskaintzen dituen zerbitzuen artean kokatzen da puntu moreen kudeaketa. Hala, aurten ere Nafarroako hainbat hiri, herri eta auzoetako bestea eta ospakizunetan egonen dira, oraindik ere hain beharrezkoa suertatzen den zerbitzua eskaintzen: "Alde batetik, informazioa ematea, eta bestea aldetik, indarkeria egoeraren bat gertatzen bada, arreta ematea".
Maiz tokian-tokiko kolektibo eta mugimendu feministek euren ekimenez eta boluntarioki ematen duten informazio eta arreta hori berdintasun zerbitzuen bitartez ematen da orain, gero eta gehiago. Aurten, ekainaren 29an ospatuko den Peñen Egunean ere puntu more bate ezarriko dutela iragarri du Martinezek, lehenengo aldiz: "Oso pozik gaude, argi ikusten da peñek ere lan bat egin dutela eta beste puntu batean aurkitzen direla gai honi dagokionez. Hor egonen gara edozein gauzetarako, informazioa jasotzeko edo, zerbait gertatu bazaizu arreta eta laguntza jasotzeko". Eguerdiko 13:00etatik gauerdira arte egonen da zabalik puntu morea, zezen plazaren alboan.