Erreportajeak

Laba berriro zabalik, indarberrituta eta nobedade ugarirekin

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 1a

Sei hilabeteko lanak bukatuta, Labak gaur ireki ditu berriro ateak Gazteluko plazan. Espazioa zabaltzearekin batera, ostalaritza eskaintza handitu eta kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan emateko aukera izango du

Espazioa goitik behera eraberrituta ikusiko dute gaurtik aurrera bertara hurbiltzen direnak. Orain aretoak 195 metro karratu ditu; oholtza handitu egin da eta kalitate teknikoan jauzi handia eman da soinu eta ikus-entzunezkoei dagokionez. Aretoa lau zatitan banatuta dago soinuari dagokionez, eta horrek aukera asko emanen ditu ekitaldi ezberdinak antolatzeko. Espazio hauetako bat Nafarroako lehenbiziko entzuteko taberna edo listening bar da, Larra soinu tresnak tailerrean sortutako Hi-fi soinu ekipoari esker. Biniloak entzuterakoan musikan guztiz murgiltzeko bide emanen dio entzuleari. Binilo bilduma bat ere osatzen hasi da Laba, eta euskal taldeen lan berriak han aurkezteko aukera izanen da.

Ostalaritza proiektua berritasun nagusietako bat da. Torino Berriaren helburua kalitatezko ostalaritza zerbitzua ematea da, bertako produktuekin eta kultura gastronomikoari jarraipena emanez. Gosariak, bazkariak eta afariak emanen dituzte. Batez ere platerak eta errazioak izanen dira, baita pintxoak ere. Garagardo eta ardo mota ezberdinak ere eskainiko dira egun osoan.

Labaren aro berriari hasiera emateko, larunbatean (irailaren 6an) Irekiera Festa antolatu dute. 10:30etan Broken Brothers Brass Band-ekin batera egingo den kalejirarekin hasi eta honi egun osoko festa jarraituko dio.

Irekiera Festaren egitaraua
• 10:30 Kalejira – Broken Brothers Brass Band O plazatik alde zaharrean barrena.
• 12:00 Leihotik kantuan – Amets Aranguren, Julen Goldarazena (Flako), Idoia Tapia eta Oier Zuñiga.
• 12:30 Inaugurazio ekitaldia
• 13:30 DJ Barbarie
• 14:30 Bazkaria
• 17:00 Denboraren kapsula
• 19:00 Drag Showa – Haizemin eta Posidonia
• 20:30 Afaltzekoa, poteak eta giro ona
• 21:30 DJ Zuribostnerisei

Gaurko Guardasola saioan Laba espaziora hurbildu gara. Bertan Maialen Sagues, Labako kidearekin, eta Joseba Zabala, Torino Berriko arduradunarekin, egon gara proposamen eta eskaintza berrietaz hizketan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!