Ikasturte hasieran, zaharrak berri

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 2a

> Hezkuntza Departamentuak ez die Corellako 11 familiari D ereduko lerroa zabaltzeko aukerarik eskaini; arrazoirik ez die eman irekiera ukatzeko. 

>Arartekoak D-PAI ereduan aritzen diren ikasleei Zientziak euskaraz edo ingelesez egiteko aukera eman diezaien gomendatu dio Hezkuntza Departamentuari. 

Corellako 11 familiak eskatu dute seme-alabek euskaraz ikasteko aukera edukitzea, baina Hezkuntza Departamentuak eskaera ez du onartu. Familiek eskola mapa aldatzea galdegin zioten administrazioari, eskolan D eredua ere eskain dezaten. Sinetsirik daude horrela soilik berma dakiekeela beren seme-alabei euskara ikasteko bidea eta hizkuntza aukeratzeko eskubidea izatea, Nafarroako beste edozein ikaslek bezala.Hezkuntza Departamentuak ukatu egin die eskaera, baina ez dute ezezkoaren arrazoirik eman: irailaren 30a baino lehen datorren ikasturterako eskaera egiteko esan diete.

Ez da Corellakoa D ereduari dagokion albiste bakarra azken orduotan. Arartekoak esan baitu, aholkatu baitio Hezkuntza Departamentuari D-PAI ereduko ikasleek aukera izan dezatela Zientziak euskaraz edo ingelesez egiteko. Patxi Bera Arartekoaren proposamen hori Tafallako, Sarrigurengo, Buztintxuriko eta Erriberriko zenbait familiak apirilean eta maiatzean kexak aurkeztu zituztelako dator ingeles orduen igoera zela-eta. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak ingelesez eman beharreko gutxieneko orduak 6tik 7ra igo zituen eta euskarazko lerroan aritzen diren ikasle horien familiek uste dute murgiltze ereduaren kontrako neurria dela. Horrez gain, Zientzia irakasgaiak eskatzen duen sakontasuna ingelesez egiteko exijitzea zalantzazkoa da ikasle horiek duten hizkuntza-mailagatik, diote.

Ekainean hasitako protesten erantzuna, eskasa

Ikasturte berriarekin batera, Irurtzungo Atakondoa ikastetxean protesta eginen dute ostegunean. Ekainean jakinarazi zuten aurten DBH 2. mailako ikasleak pilatu eginen dituztela "ia sartu ere egiten ez diren gela bakarrean": 31 ikasle, batzuk behar bereziekin. Ez diete irtenbide "egokirik" eskaini eta elkarretaratzera deitu dute ikasleak ikastetxera itzuliko diren egunerako, irailaren 4rako. Hala salatzen ari dira familiak sare sozialetan zabaldutako bideo batean:

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!