Ikasturte politikoa abian da Nafarroan

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 1a

Maria Txibite lehendakariak agerraldia iragarri du eta Nafarroako Parlamentuan lehenengo bozeramaleen batzordea egingo dute

Ikasturte politiko berria martxan da. Maria Txibite lehendakariak agerraldia iragarri du goizeko 10etan legegintzaldiaren erdiko balorazioa egiteko bere kontseilariekin batera. Diputazioan izango da. Nafarroako Parlamentuak ere gaur ekingo dio bere jarduerari, astelehenetako ohiko Bozeramaileen Batzordearekin. Aste honetan ez da osoko bilkurarik ospatuko eta ez dago inolako bilerarik Cerdanen kasuaren ondorioz eratutako herri-lanen lizitazio eta esleipenen ikerketa-batzordean.

Orduan erabakitakoaren arabera, dokumentazioa ikerketa-batzordera bidaltzeko azken eguna irailaren 15a izango da. Irailaren 24an, berriz, batzordea batuko da berriro, dokumentazioa balioztatzeko eta lanaren egutegian aurrera egiteko. Agerraldiei dagokienez, urriaren 14tik aurrera hastea aurreikusten da.

Ohiko batzordeak egongo dira aste honetan. Asteartean, esaterako, Nafarroako Gardentasun Kontseiluko presidenteak 2024ko Jarduera Memoria aurkezteko agerraldia egingo du. Asteazkenean, Maria Txibiteren txanda izango da. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko foru legearen aplikazioaren balorazioa eskatuko diote.

Ostiralean, berriz, Mikel Irujo Industria kontseilariari Kontuen Ganberak Sunsundegiri buruz berriki egindako txostenaren emaitzen inguruan galdegingo diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!