Aragoiko Santxa, 1045 inguruan jaioa, Aragoiko Ramiro I.aren alaba eta Nafarroako errege Antso Nagusiaren biloba izan zen.
Aitak Armengol III.a kondearekin ezkondu zuen, lurraldeen arteko bakeari eusteko egiten zituzten aliantzengatik.
Baina senarra laster hil zitzaion musulmanen aurka borrokan. 20 urte zituen Santxak.
Alargun geratu ostean, kondesaren tituloa hartu zuen, eta Santa Cruz de la Seros emakumezkoen komentua babestu, zuzendu eta kudeatzeari ekin zion, moja ez izan arren.
Baina boteretsua zen, zalantzarik ez. Erregearen biloba, errege baten arreba, konde baten alarguna… Beraz, komentu bateko kudeatzailea izan nahi bazuen, bada, tira, zeinek esango zion ezetz?
Anaia erregea aipatu dugu. Bai. Aragoiko erregea zen, Antso Ramirez, alegia, gero Iruñeko erregea izango zena.
Hura bigarren aldiz ezkondu zenean, Santxa haren laguntzaile bihurtu zen, eta gobernuan biak elkarrekin aritzen hasi ziren.
1075ean, erregea Erromara joan zen, Aita Santuarengandik babesa eta dirua lortzeko asmoz, musulmanen aurka borrokatzen jarraitzeko, eta, bide batez, erresuma sendotzeko.
Helburua lortu zuen, Elizaren liturgian hispaniar edo mozarabiar erritua kentzearen truke, eta haren ordez, erritu erromatarra ezartzearen truke.
Urtebete geroago, Antso Nagusia Iruñeko erregea hil zenean, hau da, gure Santxa eta Antso Ramirez Aragoiko erregearen aitona hil zenean, Iruñeko nobleek koroa eskaini zioten Antso Ramirezi, eta hark onartu egin zuen. Beraz, Aragoiko eta Iruñeko erregea bihurtu zen.
Aldi berean, García Ramírez anaia izendatu zuen Iruñeko gotzain, ordurako Aragoiko apezpiku zena.
Erroma urduritzen hasia zen, ordea, liturgian ez baitzuen aldaketarik ikusten. Erregea ez zen bere konpromisoa betetzen ari.
Horrez gain, beste arau bat hausten ari zen, zuzenbide kanonikoak ez baitzuen onartzen apezpiku bera bi lurralderentzat. Gogoan izan anaia Aragoiko eta Iruñeko apezpikua zela…
Zeozer egin behar zen. Orduan, 1082.ean, erregeak oso erabaki ausart bat hartu zuen. Ausarta bezain eraginkorra. Iruñeko apezpikutzaren buru bere arreba Santxa jarri zuen.
Ordura arte inoiz ez zen horrelakorik gertatu. Izan ere, eliza katolikoaren historia osoan gertatu den aldi bakarra da. Gaur egun ere, gaztelaniaz ez dago hitzik emakume bati apezpikua esateko.
Urtebetez aritu zen postu horretan, eta nahiko ondo egin omen zuen. Erromak jakin zuen arte, noski. Emakume bat Iruñeko Elizaren buru! Onartezina!
Santxa kargutik kendu egin zuten, baina bazterturik ez zuten utzi. Adibidez, gizonezkoen monasterio baten zuzendaria izan zen, San Pedro de Siresakoa, politika eta kulturaren goi mailako zentroa zena.Garaiko kronikek botere handiko emakumetzat hartzen zuten.
Argi eta garbi zegoen erregeak konfiantza osoa zuela harengan, bere bi erresumetako arazo guztiak kudeatzeko.Antso Ramirez erregea 1094an hil zen eta 1097an hil zen Santxa.
Bere hilobian, emakume baten irudia ikus daiteke, guraize-aulki batean eserita, garaiko erregina edo botere handiko pertsonak irudikatzen zituzten eran.
Aragoiko sarkofago erromanikorik onena da Santxarena. Jakako Beneditarren Errege Monasterioan dago.