Isabel Diaz Ayusok ETB3 Nafarroa osoan ikustearen aurka sutsuki egin zuen atzo, zahartzaroari buruzko jardunaldi batzuetan egindako hitzartzean. Mezua laburbildurik, ETB3 inposatuz euskara bultzatu nahi dela, funtzio publikoan plaza gehiago lortzeko, eta herritarrak zatitzeko.
Maria Solanaren aburuz, “seguru aski arazoa da haiek telebista publikoa horrela ulertzen dutela, eta telebista kateak horrela erabiltzen dituztela, adoktrinamendurako, horrela ulertzen baitute telebista eta Espainia bera”.
Bakartxo Ruizen irudikoz, “barre egitekoa da, eta sare sozialetan broma asko egiten ari dira, ezjakintasunetik absurdura eramaten delako dena, baina badu alde serio bat: kolonialismo linguistiko ariketa bat baita”. EH Bilduko kidearen arabera, Ayusoren hitzartzeak “islatzen du Espainian eskuinaren eta eskuin muturraren artean gertatzen ari den lehia, ea nor den fatxena erakusteko, ea nork esaten duen astakeriarik handiena, ezin baitaitezke ahaztu Sergio Sayasek egindako adierazpenak”.
Sergio Sayas UPNko diputatuak ETB3k haurren burmuinak erreseteatu, berrabiarazi egiten dituela esan zuen herenegun Espainiako Diputatuen Kongresuan.