Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayuso Nafarroako hizkuntza politikaz mintzatu da gaur. Hori bera harrigarria izanda, are harrigarriagoa da zein forotan egin duen: 65ymás plataformak Espainiako hiriburuan zahartzaroaren inguruan antolaturiko jardunaldi batzuetan, hain zuzen ere.
Jardunaldiotan egin duen hitzaldian, halako batean Pedro Sanchezen gobernuak aurrekontuak aurrera ateratzeko EH Bildurekin loturiko akordioaz hizketan hasi da. Horretaz ziharduela, honako hau bota du: “Nafarroako telebistaren bitartez euskara inposatu nahi dute, gero eta gehiago zabaldu, besteen aurkako arma moduan. Modu horretan, pertsona batzuek besteek baino eskubide gehiago eduki dezaten funtzio publikoan sartzeko, eta modu horretan berriro zatiketa eragiteko. Horrek ikaragarri kezkatzen nau”.
Benetan deigarria Madrilgo PPko presidenteak euskarari buruz hitz egiteko hautaturiko eremu semantikoa: inposatu, arma, zatiketa, kezka...
Sayasek zabalduriko bideari jarraituz
EH Bilduk atzo jakinarazi zuen aurrekontuen alde bozkatuko zuela, besteak beste, ETB3 Nafarroa Garai osoan ikustearen truke. Atzo bertan, UPNko diputatu Sergio Sayas guztiz aztoraturik mintzatu zen akordioaz Espainiako Kongresuan. ETB3ren bitartez nazionalismoa eraikitzeko burmuinak 'reseteatu’, berrabiarazi nahi dituztela salatu zuen.
Ni Sánchez ni Bildu podrán con la voluntad de los navarros.
— Sergio Sayas (@sergiosayas) November 22, 2021
Navarra es y seguirá siendo Navarra y España.
No cuenten con los navarros para sus nauseabundos pactos. pic.twitter.com/Ehrc3atLIe
ETB3z harago
EH Bilduk Espainniako Aurrekontu Nagusiak sustengatzearen lortu dituenen artean daude ezkutu sozialeko legea behin betirako izatea, ordezko etxebizitzarik gabeko etxe kaleratzeak bertan behera uztea eta amiantoaren biktimentzako kalte ordainetarako 25 milioi euro. Nafarroari dagokionez, lorpen nagusiak bi dira: 500.000 euro Lesakako saihesbiderako eta ETB3 Nafarroa Garai osoan ikusi ahal izatea.
EITBren haurrentzako kanala lurreko telebista deigitalaren bitartez jada ikusgai da foru erkidegoko hainbat eskualdetan: Iruñea, Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Tuteran hain zuzen ere. Baina ez dago ikusterik Mendialde osoan. Javier Remirez lehendakariordeak egoeraren laburpena egin du txio sorta honetan, betiere nabarmenduz bere garaian Patxi Lopez eta Miguel Sanz lehendakariek sinaturiko akordio baten bitartez iritsi zela ETB3 Iruñerrira.