Bateragune auziko epaiketa errepikatu behar zela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak, abenduan; Estrasburgok emandako sententzia baten ondorioz. Ebazpen hori eten du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, defentsak jarritako babes helegitea aztertzeko. Hori eginda erabakiko du Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaituko dituzten ala ez.
Atzo arratsaldean zabaldu zen berria, Konsituzionalaren iturriak aipatuta zenbait hedabidek eta notizia agentziak eman zuten jakitera. Eta bide horretatik ezagutu dute albistea auzipetuek eta haien defentsak. Haiekin harremanetan jarri da Euskalerria Irratia, eta horrela gertatu izana "esanguratsua" dela aipatu dute. Jakinarazpen ofiziala jasotzen dutenean emanen dituzte adierazpenak, eta eginen dute erabakiaren irakurketa juridiko eta politikoa.
Bateragune auziaz ekainaren amaieran mintzatu zen Euskalerria Irratia Miren Zabaletarekin. Auzipetuak uste du epaiketa errepikatzea anakronismo bat litzatekela. 2011an Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako eta 2012an Gorenak berretsitako zigorrak osorik bete dituzte. Zabaletak sei urte egin ditu espetxean. 2015ean askatu zuten.
Defentsak uste du Gorenak epaiketa errepikatu nahi izatea ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak ebatzi zuen epaiketa ez zela inpartziala esan.