Jai herrikoien alde antolatzeko eskatu diete jai batzordeei Hego Euskal Herriko peñek, konpartsek eta txosnek

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 20a, 10:51

Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Bilboko peñek, konpartsek eta txosnek kritikatu dute azken asteetan udalek jaien inguruko erabakiak “alde bakarrez” hartu dituztela.

Osasun krisiarekin gizartearen balio asko "indartuta" atera diren arren —elkar zaintza, herritarren saretzea, osasunaren eta bizitzaren defentsa…—, erabaki asko modu "arbitrarioan" hartzen ari direla salatu dute Iruñeko Peñen Federazioak, Herri Sanferminak taldeak, Donostiako Piratek, Gasteizko txosnek, Gasteizko Blusen eta Nesken Federazioak eta Bilboko Konpartsek komunikatu batean. Erabaki horien artean daude jaien ingurukoak. Euskal Herriko hiriburuetako jaiak bertan behera uztea erabaki dute hiri horretako agintariek; ez dituzte erabaki horiek zalantan jarri nahi izan, baina bai horiek hartzkeo modua: “Erabaki hauek modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira. Horrela izanda, erabakiak balioa galtzen du guretzat”.

“Baztertuak izan gara, ez dute gurekin kontatu. Erabakiaren berri prentsara bota baino minutu gutxi batzuk lehenago edo zuzenean prentsaren bidez jaso dugu, udalekin etengabeko harremanetan egon garen arren eta hitz egiteko prestutasuna hasieratik erakutsi dugun arren”, adierazi dute. Horregatik, jai herrikoiak “bigarren planoan” utzi dituztela kritikatu dute, “herritarron parte hartzea alde batera utziz”. 

Jaiek duten “alaitasuna, kolorea eta kolektibotasuna” modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta era jasangarrian egitearen garrantzia azpimarratu dute, eta Euskal Herriko jai batzorde guztiak animatu dituzte jai herrikoien alde antolatzera. “Iruñean San Fermin berezi baina alai batzuk biziko ditugu! Balkoi berri edo leiho on, Zeledonek jaiak herriari zor! Guk Donostia abordatuko dugu! Bilbon ez gara besoak uztarturik geratuko eta Marijaiaren irria zabalduko dugu! Eta zuek, jarraitu Euskal Herri osoa alaitasunez eta poztasunez eraikitzen, herritik eta herriarentzat”, borobildu dute. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!