Egile berriendako XXXV. euskarazko literatur lehiaketa zabalik da. Iruñeko Udalak euskarazko literatur lanen sorkuntza bultzatzeko xedez deitzen du lehiaketa. Poesia eta narrazioaren modalitateetan hartu daiteke parte eta urriaren 27a baino lehen aurkeztu behar dira jatorrizko lanak. Gaia librea da eta lanak argitaragabeak izan behar dute. Parte-hartzaile eta modalitate bakoitzeko lan bat baino ezin da aurkeztu.
Poesian lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte eta narrazioak gutxienez 15 orrialdeko izan behar du. Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira eta gehienez ere lau aipamen. Lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena, 1000 eurokoa eta hirugarrena, 500 eurokoa; eta aipamenak 250 euroz hornituta daude.
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira eta interneten bertan daude deialdiaren oinarriak eskuragarri.
Epaimahaia Castillo Suarez idazle eta euskaltzainak; Irati Iturritza idazle, irakasle eta itzultzaileak eta Iosune de Goñi Garcia idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak osatzen dute.