Juanjo Fernandez (ATTsF): "Ur edangarria ziurtatua izan dezaten lan egiten ari gara Saharan"

Maialen Huarte Arano 2025eko abuztuaren 1a

Laguntza humanitariorako eta larrialdietarako proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdiari esker 15.000 euro izanen ditu Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteak (ATTsf-MGLTE) Saharan ur hornidura mantendu eta ur edangarria errefuxiatuen kanpalekuetara iritsi dadin ziurtatzeko. 

Mugarik Gabeko Teknikarien eta Langileen Elkarteak eta ANARASDek Saharan egiten dute lan, haur sahararrak edateko urez eta haurrentzako esnez hornitzeko sistema indartzeko bi proiekturekin, hurrenez hurren. Iruñeko Udalaren diru-laguntzari esker 15.000 euro izanen ditu Mugarik Gabeko Teknikarien eta Langileen Elkarteak indarrean duen proiektu bat garatu ahal izateko.  ATTsF-MGTLE-ko kide Junajo Fernandezek adierazi du ur edangarria ziurtatua izan dezaten ari direla lanean Saharan aspaldian. "Azken 20 urteotan aritu gara lanketa horretan. Ezinbestekoak dira mota honetako diru-laguntzak, izan ere azkenaldian %30 jaitsi dira", izan du gogoan. Kanpalekuetan bi modutan dute ur edangarria: batetik, kamioien bitartez banatzen da eta bestetik, hilean behin zabaltzen den grifo komunalak dituzte. "Horiek irekitzen direnean familiek euren depositoak betetzen dituzte eta ez dute jakiten zenbat egunez iraun behar duten horiekin", jakinarazi du. 

Grifo komunalen eta depositoen segimendua egitea ezinbestekoa izaten da. Horretarako MGTLEk Saharan 130 pertsona ditu lankide eta horrez gain sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte ura ongi kudeatu dezaten. "18 litro dira gutxienez pertsona bakoitzak beharko lituzkeetenak egunero, baina gutxieneko horretara ez dira iristen Saharan", esan du. Ura hobeto kudeatzeko ikastaroak egiten dituzte eta lankidetza teknikoki hobeto egiteko lanketa ere bai. 

Mozanbiken, genero ikuspegia lantzen ari dira

Beste proiektu batzuetan ere aritzen dira beste herrialdetan MGTLE-ko kideak: "Duela lau urte Mozanbiken ere ari gara egitasmo batean buru-belarri", adierazi du Fernandezek. Kasu horretan, genero ikuspegia kontuan hartuta garapenerako proiektuak ari dira lantzen bertakoekin. 

Euskalerria Irratian Juanjo Fernandezek egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!