Langileen Nazioarteko Eguna

'Murrizketarik ez' leloaren berpizkundea

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 14:04

Maiatzaren Lehenaren bezperan, UGT, CCOO, ELA, LAB, ESK, Steilas eta EHNE sindikatuetako Nafarroako arduradunekin mintzatu gara. Koronabirusaren pandemia eragiten ari den krisi ekonomiko eta sozial larria dela kausa, lehen murrizketak sumatu dituzte, eta askoz gehiagoren beldur dira. Sindikalistek 2008ko krisiaren karietara lau haizetara oihukatzen zen leloa berreskuratu dute: murrizketarik ez!

Langileen Nazioarteko Egunaren bezperan, sindikatuetako Nafarroako arduradunek —Amaia Villanuevak, Joseba Eceolazak, Imanol Pascualek, Imanol Karrerak, Iratxe Alvarezek, Raul Lopezek eta Imanol Iberok— azaldu digute nola ikusten duten etorkizuna eta zeintzuk izango diren euren biharko aldarrikapenak.

Maiatzaren Lehena berezia izango da aurten; ohiko protestak egin ezinda, sindikatuek formula berriak bilatu dituzte: manifestazio birtualak, sareen bidezko aldarrikapenak, balkoietako protestak… 

Giro nahasian helduko da, gainera, aurtengo Maiatzaren Lehena: Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak debekatu egin du, batetik, CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek egin nahi zuten ekitaldi "sinboliko" txiki bat, eta, bestetik, LABek antolatua zuen kotxe karabana. Bi kasuetan helegitea aurkeztu dute. 

Biharko deialdi nagusiei dagokienez, batetik, CCOOek eta UGTk biharko eguna langileei eskerrak emateko baliatuko dute. Bestetik, ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek ere deialdi bateratua egingo dute, eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat aldarrikatuko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!