CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek baimena eskatu diote Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Baratxurien plazan ekitaldi "sinboliko" bat egin ahal izateko. Baina ordezkaritzak baimena ukatu du, koronabirusaren krisiak eragindako alarma egoera dela eta.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, "erantzukizunagatik eta sen onagatik" sei pertsona baino ez ziren joango ekitaldira, "distantzia soziala errespetatuz eta segurtasun neurri guztiak erabiliz". Hala ere, eskaera ukatu egin diete. "Argi dago Maiatzaren Lehenean erabat ezinezkoa izango dela aurreko moldeekin mobilizaziorik egitea, eta hori hasieratik baztertu dugu; hala ere, uste dugu osasun alerta honek ezin dituela oinarrizko eskubideak eragotzi, ezta langileak gehiago estutu ere", kritikatu dute sindikatuek.
Ez da azken egunetan Espainaiko Gobernuaren ordezkaritzak debekatzen duen lehen ekitaldi sindikala; Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako langileek deitutako elkarretaratze bat ere debekatu du.
Sindikatuek salatu dutenez, "erabaki hau oinarrizko eskubideen urraketa argia da". Bereziki "onartezina" iruditzen zaie ebazpena, "langileak lantokietara joatera behartzen dituztenean, kapitalari eusteko funtsezkoak ez diren lanak egitera, beren bizitza eta gainontzekoena arriskuan jarriz". "Argi dago agintariek benetan kezkatzen dituena ez dela birusaren hedapena, sistema kriminal hau zalantzan jartzen duten mezuen hedapena baizik”.
ESK, CGT, Solidari eta Steilas sindikatuek neurri judizialak hartuko dituztela iragarri dute.