Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez ditu baimendu LABek Maiatzaren Lehenerako antolatutako lau auto karabana

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 14:08

LABek 2018ko maiatzaren 1ean egindako ekitaldi bat.

Mobilizazioak Iruñerrian, Lizarraldean, Tafallan eta Sakanan egitekoak ziren, "pandemiaren kudeaketa instituzionala salatzeko eta bizitzari eustea erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatzeko".

LAB sindikatuak kritikatu egin du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak baimendu ez izana sindikatuak Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, ospatzeko Nafarroan antolatuta zituen lau kotxe karabana.

Mobilizazio horiek Iruñerrian, Lizarraldean, Tafallan eta Sakanan egitekoak ziren, "COVID-19ko pandemiaren kudeaketa instituzionala salatzeko eta bizitzari eustea erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatzeko". LABek jakinarazi du helegitea jarri duela.

Sindikatuak ziurtatu duenez, auto karabana horiek "sindikatuaren laneko segurtasun sailak ezarritako protokolo zorrotz baten arabera antolatuta zeuden: hogei ibilgailu gehienez, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materiala modu seguruan entregatuz eta jasoz…”. Halaber, karabanak antolatuta zeuden, “alarma egoeraren premisak errespetatuz; izan ere, baimenduta dago bide publikora irtetea lan egiteko, eta jarduera sindikala kasu horren barruan dago".

Hala ere, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak lau auto karabanak debekatu ditu; sindikatuaren hitzetan, "modu arbitrarioan, gehiegikeriaz eta demokraziaren aurka". “Zentzugabekeriatzat” jo du apirilaren 30ean milaka pertsona lantokietara joatea eta, kasu askotan, "zortzi orduz lan egitea, beharrezko babes neurririk gabe”, eta hurrengo egunean, berriz, debekatuta egotea 20 ibilgailuk mobilizazioa egitea "hain egun seinalatuan".

LABentzat, erabakia “botere abusua" da: “Laneko segurtasun eta osasun arauak ez betetzeagatik enpresa bakar bati ere salaketarik jartzen ez zaion bitartean, segurtasun arauak betetzen dituen jarduera bat debekatzea erabaki da; eskubide demokratikoen aurkako eraso larria da, eta, ez dezagun ahaztu, alarma egoeran eskubide horiek indarrean jarraitzen dute".

Sindikatuak gogorarazi duenez, jarduera horiek debekatzea ez da gobernuaren ordezkaritzak egiten duen lehena; izan ere, CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek antolatutako ekitaldi "sinboliko" bat ere debekatu du, gehienez ere sei pertsona bildu behar zuena. Halaber, joan den astean Huerta de Peraltako langileei euren eskubideen alde mobilizatzea debekatu zien.

LABek iragarri du auzitegietan helegitea jarri dutela debekua indarrik gabe gera dadin. ”Halaber, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin hitz egingo dugu, gertakari horien larritasunaren araberako erantzuna adosteko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!