Itxita izanen da Landabengo Volkswagen beste bi egunez: urriaren 26an eta azaroaren 2an. Autoen CO2 isuriari aurre egiteko sortu den araudi berriari egokituko zaizkion motorrak ez dira garaiz iristen ari eta horrek eragin du multinazionalak ateak itxi behar izatea. Kotxeak osatu gabe gelditzen ari dira eta horri aurre egiteko lan-jardunaren etetea egitea ezinbesteko jo du zuzendaritzak. Irailean zortzi egunez izan zen itxita Landabengo lantokia eta orain, gutxienez bi egunez eginen dute gauza bera. Hasiera batean iragarri zuen Volkswagenek bost egun gehiago beharko liratekeela lantokiko ateak itxita, baina, oraingoz bi data baino ez ditu iragarri etete horretarako.