UGTk eta Comisiones Obreras sindikatuek sinatu eginen dute zuzendaritzarekin aldi baterako lan erregulazio espediente hori. Bi sindikatuek esan dutenaren arabera euren eskaera gehienak onartu ditu enpresak. Zein eskaera egin dute gehiengoa duten bi sindikatu horiek? Bada, alde batetik, lantokiak itxita egon behar badu zortzi egunez, jarraian izanen direla; soldatak enpresak konpentsatuko dituela %100 eta ez duela esku hartuko langileen erretiroan.
Zuzendaritzak atzo jarri zien mahai gainean sindikatuei dokumentua. 4.800 langileri eraginen dien aldi baterako lan erregulazio espedientearen nondik norakoak jasotzeaz gainera, 2019rako aurreikusitakoa ere bildu zuen. Hala, heldu den urterako 340.000 auto ekoiztea izanen da Volkswagen multinazionalaren helburua Iruñeko lantokirako. Lan erregulazioari dagokionez, enpresak adierazi zuen espero duela ekoizpena berreskuratu ahal izatea azaroa iristerako, hau da, 11.200 kotxe egitea ordurako. Izan ere, azaroan motorren arazoa konponduta izanen dela eta nahikoa motor iritsiko direla uste du zuzendaritzak. Garai hori iristen denerako, 150 behin behineko kontratazio egiteko aurreikuspena du enpresak, geldialdiari aurre egiteko asmoz. 150 langile horiek eginen lituzkete gainerakoen etenaldiak eta baita larunbateko jarduna ere.
Akordioa gaur bertan sinatzea espero dute UGT eta Comisiones Obreras sindikatuek. Biak pozik azaldu ziren atzoko negoziazioaren ondoren, beraiek egindako eskaera ia guztiak jaso dituztelako zuzendaritzako kideek euren dokumentuan ere. Bermeak eta lasaitasuna emanen dizkie akordioak langileei bi sindikatu horien ustez eta ahalik eta azkarren sinatzea espero dute. Zuzendaritzak beraz lortu du UGT eta Comisiones Obreras sindikatuen oniritzia, eta gehiengo sindikala dute biek Volkswagenen. Ez du gainerako ordezkariena lortu, dena den.
Irailaren 3an itxiko ditu ateak Landabengo lantokiak. Zortzi egunez izanen ditu itxita, irailaren 13ra arte. Gasolina motorren eskasiak eragin du Volkswagen enpresak ateak itxi behar izatea. Autoak osatu gabe geratzen ari zaizkio Landabengo lantokian eta enpresak itxiera iragarri zuen abuztuaren hasieran. Honen aurrean, zer diote gainerako sindikatuek? ELAk ez du onartzen langile eraginen dien lan erregulazio espedientea, hornidura-plangintzaren akatsari aurre egin nahi dio zuzendaritzak langileen soldata eta diru publikoa erabiliz.
Gainera, ekoizpena zortzi egunez gelditu nahi du, baina aldi berean aparteko orduak gora doaz eta behin-behineko kontratazioa betikotzen ari da. Halako neurri traumatikoak ez daude justifikaturik. Arrazoi horiekin EEE onartzea larria da eta aurrekari oso arriskutsua izan daiteke etorkizunari begira, nahiz eta soldatak %100ean bermatuak baleude ere. Gauzak horrela, ELAk Lan Ikuskaritzara jotzeko asmoa du lan erregulazio horren inpugnazioaren prozesuari hasiera emateko. ELAk ez du lan erregulazio beharrezkoa ikusten, beste alternatibak daudelako.
Produkzio arrazoiak argudiatu zituen, arazoak dituela gasolina motorren homologazioarekin. LABek erabat baztertu du argudio hori. «Ez dugu neurria ulertzen», adierazi du Imanol Rodriguez LABeko Metaleko enpresarik handienaren arduradunak. Uste du lantegiak aspaldi antzeman zuela homologazioen arazoa, eta denbora izan duela erremedioa jartzeko. «Volkswagenek Espainiako Gobernuaren neurriei eta Europako aginduei leporatu die errua, baina erantzukizuna haiena da». Rodriguezen iritziz, arazoa enpresa antolakuntzako huts larriek eragin dute, eta Landabengo lantegia eta VW taldea dira «errudun bakarrak».