Volkswagenek heldu den astean itxiko ditu ateak gauzak asko aldatzen ez badira eta sindikatuak zuzendaritzarekin negoziatzen ari dira itxiera horrek ahalik eta kalterik txikiena eragin diezaien langileei. Hasieran, Lan Erregulazio Espedientea bertan behera uzteko exijitu zioten zuzendaritzari. Izan ere, arazo ekonomikoa ez da multinazionalaren kasuan, baizik, planifikazio eza eta bazetorrenari erreparatu gabe aritzeagatik egin beharrekoa. Langileek ez luketela horrengatik ordaindu behar, esan zioten. Zuzendaritzak ez zuen halakorik onartu, eta ordutik, aldi baterako lan erregulazio espedientea ari dira negoziatzen.
UGT eta Comisiones Obrerasek argi utzi zuten atzokoan: erregulazio honek ez lieke inolako kalte ekonomikorik eragin beharko langileei eta duten malgutasun poltsa ere ez luke hazi behar. Bi zutabe handi horietan oinarritu dituzte eskaera nagusiak bi sindikatu horiek, gehiengoa dute Volkswagenen, zuzendaritzari igorri dioten proposamenean. Eskaera batzuk ere bildu dituzten txosten horretan, besteak beste, enpresa izan dadila arduraduna langileen soldaten osagarriak ordainduko dituena.
Malgutasun neurrien eskaera egina zuen zuzendaritzak, baina, bi sindikatuen ustez, malgutasun poltsa ez dago kasu horietara bideratua. Itxierara eramanen dituzten arrazoiak desberdinak izanagatik ez dute betetzen baldintzarik malgutasun poltsa erabiltzeko, zuzendaritzaren planifikazio txarra izan da bakarrik arrazoia.
Comisiones Obreras sindikatuak eta UGTk igorritako proposamenean gainera, jaso duten bestea da aldi baterako lan erregulazio espedienteak zortzi eguneko epea izan behar badu, irailaren 3tik 12ra izatea. Zuzendaritzak egindako proposamenak dio, irailaren 3tik 7ra egon beharko duela lantegiak itxita eta beste bi egun iraileko bigarren astean, astelehen eta ostiralez eta hirugarren astean berriz ere errepikatuko litzateke egoera bera.
Lan ikuskaritzara joko du ELAk
ELA sindikatuak eskatu zuen aldi baterako lan erregulazio espedienteak ez diezaiela eraginik egin aldi baterako kontratua dutenei edota lanaldi murriztua dutenei ere. Horrez gain, ELA sindikatuak gogoratu du 2017an 10 egunez itxi zituela ateak Volkswagenek baina hala ere 55,9 milioi euroko irabaziak izan zituela. ELAk ez du onartzen hortaz langile eraginen dien lan erregulazio espedientea, hornidura-plangintzaren akatsari aurre egin nahi dio zuzendaritzak langileen soldata eta diru publikoa erabiliz.
Gainera, ekoizpena zortzi egunez gelditu nahi du, baina aldi berean aparteko orduak gora doaz eta behin-behineko kontratazioa betikotzen ari da. Halako neurri traumatikoak ez daude justifikaturik. Arrazoi horiekin erregulazioa onartzea larria da eta aurrekari oso arriskutsua izan daiteke etorkizunari begira, nahiz eta soldatak %100ean bermatuak baleude ere. Gauzak horrela, ELAk Lan Ikuskaritzara jotzeko asmoa du lan erregulazio horren inpugnazioaren prozesuari hasiera emateko. ELAk ez du erregulazioa beharrezkoa ikusten, beste alternatibak daudelako.
"Alternatibak" daude LABen ustez
Volkwageneko zortzi eguneko itxialdia ekidin daitekeela uste du LABek, arazoa "enpresaren aurreikuspen eta antolakuntza falta" izan denez gero, "alternatibak" bila daitezkeela uste baitu, eta ez dela beharrezkoa Aldi Baterako Lan Errugulazio Espedientea.
Alemaniako multinazionalak duela urtebete zekien arazoak izanen zituela homologazioarekin, martxoan ateratako berriek "probatzen" dutenez, LABen arabera, eta, hala ere "azken unera arte" itxaron du.
Europako gainontzeko taldeek arazorik izan ez dutela, eta Voskwagenek ere izan aurretik zerbait egin zezakeela uste du Imanol Rodriguez LABeko burdingintzako enpresen saileko arduradunak. Halaber, salatu du enpresarekin bilera eginda ere, Aldi Baterako Lan Errugulazio Espedientea baino ez zietela jarri mahaiaren gainean, negoziatzeko aukerarik eman gabe.
Diru publikoa hartzea, "onartezina"
"Erruduna" enpresa izaki, "onartezintzat" jo du Aldi Baterako Lan Erregulazioa Egin nahi izatea, diru publikoa erabiliz.
Gehiengoa duten sindikatuak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientearen baldintzak negoziatzen ari dira, baina LABen aburuz, oraindik badira alternatibak. Bileran proposatu zutenetako bat eta enpresak atzera bota zuena: Argelian merkaturako modeloak egitea eta itxiera ekiditea. Nolanahi ere, ez hori ez beste proposamenik ez zuten onartu.
Batasun sindikalik ez dela azpimarratu du LABek eta Enpresa Batzordea ere aspaldi ez dela batzen. Nabarmendu dute, era berean, langabeziaren poltsa orain zabaltzen badu enpresak sei urte pasa beharko direla berriz zabaldu arte.