Ostatuko liskar bat medio auzipetutako Altsasuko gazteentzat "justizia" exijitzeko manifestazioarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak. Mobilizazioa larunbatean izanen da, Altsasukoak Aske Herri Plataforma eta Altsasu Gurasoak taldeek antolatuta. "Nafar jendarteari" ere dei egin dio, mobilizazioan parte hartu eta "giza eskubideen, askatasunaren eta berme demokratikoen aldeko konpromisoa" erakus dezan.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak sinatutako adierazpenak jaso duenez, "neurrigabeko prozedura judizialari" aurre egin behar diote Altsasuko zortzi gazteek -Guztira, 375 urteko espetxe zigor eskaerak eta terrorismo akusazioa dauzkatela ere salatu du Nafarroako parlamentuaren gehiengoak-.
Nafarroan epaitu ditzatela
Laukoak azpimarratu du ez dagoela terrorismo delitua gertatu zela esateko "arrazoizko zantzurik", Nafarroako Probintzia Auzitegiak iazko martxoan esandakoari jarraiki. Kasua "Nafarroako jurisdikzio arruntaren barruan" epaitu behar delakoan daude lau alderdiak, Auzitegi Nazionalak bere gain hartuta, oinarrizko hainbat eskubide urratzen ari baitira: hala nola, errugabetasun printzipioa, epaile "natural inpartziala" izateko eskubidea eta defentsarako eskubidea.
Akusazioaren txostena Guardia Zibilak berak egin duela eta defentsak "proposatutako proba gehienak" ukatu dituztela ere gogorarazi dute.
Oposizioa, kontra
"Epaileen lana errespetatu" egin behar dela nabarmendu nahi izan dute UPNk, PSNk eta PPk, eta adierazpenaren kontrako botoa eman dute; nolanahi ere, gutxiengoa direnez, aurrera atera da.