Altsasu: injustiziaren atzaparrak?

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko api. 10a, 18:39

Agur. Heldu den astean Altsasuko zortzi gazteren epaiketa hasiko da.
Horietako hiruk kartzelan segitzen dute Lamela instrukzio-epaileak hala
agindurik. Gainerako bortzak behin-behineko askatasunean dira kautelazko
neurriak betetzen dituztelarik.
Duela bi urte, Estatu osoan, agintearen kontra 9.571auzi zabaldu ziren;
halere, horietako bakarra kontsideratu dute terrorismokoa, Altsasuko
tabernakoa hain zuzen. Hori dela eta, zortzi gazteendako 375 urteko
espetxe-zigorra eskatzen dute.
Aipagarria da akusazio-txostenak ez dituela egin agente neutral batek,
baizik eta Goardia Zibilak berak. Bidenabarrean, aipatzekoa da Covite
elkarte ezagunak parte hartzen duela akusazioan.
Ildo horretan, ezin ahantzi Lamela epailea: Catalunyako independentisten
kontra nabarmendu da, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez kartzelan sartu
baititu. Historian lehendabiziko aldiz, albaramendu edo sedizio deliktua
leporatu die bi Jordiei eta, ondorioz, Demokraziaren Aldeko epaileen
kritikak jaso ditu Lamelak.
Horrez gain, Lamela epaileak Altsasuko gazteen defentsaren agiri-froga,
peritu-froga eta lekuko bidezko froga gehienak ukatu ditu. Beraz,
lekukotasun gehienak akusazioak aurkeztuko ditu.
Arras argi dago epaiketa ez dutela utzi nahi izan Nafarroako epaitegian;
hasieratik espainiar Auzitegira jo dute eta, gainera, instrukzio-epaileak
onetsi duen gertaeren bertsio bakarra akusazioena izan da. Hortaz, berriro
ere injustiziaren atzaparrak begien aitzinean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!